EH Bilduk eta Elkarrekin Lasarte-Oria Puedek ostiralean, Usurbilen egingo den manifestazioarekin bat egitera deitu dute

Txintxarri Aldizkaria 2019ko abenduaren 11

'SOS Usurbil, erraustegia gelditu' lelopean, manifestazioa deitu du Usurbilgo udalak, eta Lasarte-Oriako bi alderdiek, atxikipena eman diote mobilizazioari

Abenduaren 13an, arratsaldeko 19:00etan abiatuko da manifestazioa, Usurbilgo udaletxe aurreko plazatik.  Horrela, hitzorduarekin bat egin dute Lasarte-Oriako EH Bilduk eta Elkarrekin Lasarte-Oria Puede alderdiek, eta mobilizazioan parte hartzera deitu dituzte lasarteoriatarrak. 

Azaroaren 28az geroztik ari da zaborra erretzen, probaldi fasean, eta Usurbilgo Udala "oso kezkatuta" dago. Horregatik, atzo egindako prentsaurrekoan, "laguntza eta babesa" eskatu diete Gipuzkoako herritarrei, eta baita ingurumenaren zaintzarekiko ardura bere egiten duten gipuzkoar guztiei ere. 

Gutunak Gipuzkoako alkate guztiei

Usurbilgo Udalak jakinarazi du, Gipuzkoako alkate guztiei gutun bana igorri dietela: "alderdien arteko eztabaida eta logiken gainetik" , Zubietako errauste plantaren gaia euren herrietako udalbatzarretan lantzeko eskaera egin diete,  "itxiera politikorik gabe, eta herritarrek ongizatea oinarritzat hartuz, gaiari buruzko eztabaida bidera dezaten parametro etiko, demokratiko eta ekologikoetan. Erantzukizunez".

Horrez gain, Gipuzkoako ahaldun nagusiari bilera bat eskatu dio Agurtzane Solabarrieta Mesa, Usurbilgo alkateak. Errauste plantak sortutako kezka eta ezinegonaren berri eman nahi dio Markel Olanori. 

Alternatibak badaude

Prentsaurrekoan gehitu dute, Usurbilek eta Gipuzkoako beste zenbait herrik erakutsi dutela hondakinak kudeatzeko alternatibak badaudela. "Usurbildarrok, gure eguneroko ohituretan aldaketa txiki batzuk eginda, hondakinen ia %90a gaika biltzen dugu, apenas sortzen dugu errefusik, eta beraz, gure herritik, apenas joango da ezer errauste plantara".