Michelingo langileak, lan hitzarmena sinatzeko borrokan

Txintxarri Aldizkaria 2019ko abe. 9a, 13:19

Lasarte-Oriako Michelin fabrikako beharginek 11 bilera egin dituzte zuzendaritzarekin, baina oraindik ez dute lortu lan hitzarmena sinatzeko akordiorik. LABek, enpresa batzordean delegatu gehien dituen sindikatuak, zuzendaritzaren "jarrera miserablea" salatu du. "Multinazionalaren egoera ekonomikoa bikaina da, baina soldatak murriztu eta lanaldiak luzatu nahi dizkigute". 

Lasarte-Oriako Michelin fabrikako langileek "hitzarmen duin bat" sinatzeko borrokatzen jarraitzen dute. LAB sindikatuak adierazi duenez -berak dauzka delegatu gehien komitean-, 11 bilera egin dituzte honezkero zuzendaritzarekin, baina ez dute akordiorik lortu oraindik. Eta ez dirudi berehalakoan ados jarriko direnik, LABeko kideek jakinarazi dutelako zuzendaritzak soldatak murriztu nahi dizkiela langileei, eta urteko lanaldiak areagotu. "Multinazionalaren egoera ekonomikoa bikaina da, baina baldintza horiek inposatu nahi dizkigute; miserablea da haien jarrera".

Egoera horren aurrean protesta egiten ari dira beharginak. Bi elkarretaratze egin dituzte orain arte; beste bi aurreikusi dituzte, oraingoz. "Erabateko babesa" eman diete langileek ekitaldi horiei. LABek iragarri du mobilizazio gehiago egingo dituela etorkizunean. Egutegi bat prestatzen ari da komitea, ekimen gehiagorekin; langileei aurkeztuko die, eta, bozketa egin ostean onartuz gero, martxan jarriko dute.