Espainiako txapelketa prestatzeko lagunartekoak asteburuan

Txintxarri Aldizkaria 2019ko abe. 5a, 13:30
Iaz kadete mailako lagunartekoak jokatu ziren Maialen Chourraut kiroldegian

Etorkizuneko saskibaloi jokalariak bilduko dira beste behin Lasarte-Orian. Gaztela eta Leon, Asturias, Galizia eta Euskadiko infantil mailako lagunartekoa lehiatuko da asteburuan, Maialen Chourraut kiroldegian. Eguberrietan Ostadarrek antolatutako 3x3 txapelketaz eta Basconia-Barcelona partidaz gozatzeko aukera ere izango dute Lasarte-Oriako saskibaloi zaleek

Maialen Chourraut kiroldegian saskibaloia izango da protagonista asteburuan. Espainiako txapelketa prestatze aldera, Gaztela eta Leon, Asturias, Galizia eta Euskadiko lurraldeetako selekzioak lagunartekoak jolastuko dituzte larunbata eta igandean. Infantil mailako neskak izango dira nor baino nor kiroldegiko pistan. Partidak honakoak dira:

Larunbata 7

Igandea 8

10:00etan, Gaztela eta Leon - Galizia 10:00etan, Asturias - Galizia
11:45ean, Euskadi - Asturias 12:00etan, Euskadi - Gaztela eta Leon
16:15ean, Asturias - Gaztela eta Leon  
18:00etan, Galizia - Euskadi  

Era berean, Eñaut Buiza jokalaria Siero, Asturiasen jokatuko da kadete mailako Euskadiko selekzioarekin. Kadete taldeak Galizia eta Asturiaseko selekzioen aurka arituko da, baita CD Navia junior taldearen aurka.

Eguberriko ekimenak

Selekzioen arteko txapelketez gain, Eguberri hauetan saskibaloiarekin lotutako beste ekimen batzuk ere izango dira.

Ostadar Saskibaloiak data hauetan ohiko bihurtu den 3x3 txapelketa antolatu du, abenduaren 28an, larunbata. Benjamin mailatik hasi eta seniorretara, urtero saskibaloi zale ugari biltzen da Maialen Chourraut kiroldegian. Parte hartu nahi duten taldeek Ostadar SKTren bulegoan eman behar dute izena 18:00etatik 20:00etara. Izena emate orriak bulegoan bertan edo webgunean eskuragarri daude. Inskripzio epea abenduaren 26an itxiko da.

Baina jokatzeaz gain, saskibaloiaz gozatzeko beste modu bat ere badago, ikusle bezala joatea. Horregatik, Ostadar Saskibaloi taldeak Baskonia eta Barcelonaren arteko partida ikusteko irteera antolatu du. Neurketa urtarrilaren 2an, 21:00etan da, Buesa Arenan. Sarrera eta autobusa eskaintzen ditu Ostadarrek: 14 urte baino gutxiago dituztenek 20 euro ordaindu beharko dituzte, eta 28 besteek. Izen-ematea Ostadar SKTren bulegoan egingo da.