X. Euskararen Maratoiak Euskaraldiarekin bat egingo du datorren urtean

Txintxarri Aldizkaria 2019ko abe. 5a, 12:35

2020ko urriaren 17an eta 18an egingo da X. Euskararen Maratoia. Horrekin batera, Euskaraldiak ere, izango da; hamabost egunez, azaroaren 20tik abenduaren 4ra

Euskara hauspotzen jarraitzeko urte indartsua izango da 2020.ena, Lasarte-Orian. Herritarrentzat hain kuttuna den Euskararen Maratoia atzera kontuan sartzear da, dagoeneko. Urriaren 17an eta 18an ospatuko da hamargarrena, eta jada, Ttakun Kultur Elkartea, Lasarte-Oriako Udala eta maratoiko lantaldea hasi dira lanean; besteak beste, zortzikotea zehazteko lanetan ari dira.

Euskararen eguna, abenduaren 3a, baliatu dute datorren urteko egitasmoen berri emateko. Astearte arratsaldean bildu dira Antonio Mercero aretoan. 

Maratoiarekin batera, Euskaraldiaren bigarren edizioak ere hartuko du Lasarte-Oria, datorren urtean. Hamabost egunetako egitasmoa izango da, azaroaren 20an hasi eta abenduaren 4an amaituko da. 

Zenbait berrikuntza izango ditu bigarren edizioak; ahobizi eta belarriprestez gain, ariguneak sortuko dira, hala erabakitzen duten entitateetan. Euskaraz lasai aritzeko guneak izango dira ariguneak. 

Datuak

Bi egitasmoak aurkeztearekin batera, hainbat datu ere eskaini dituzte astearteko saioan. Besteak beste, Euskaraldiak pasa den urtean - 2018 - utzitakoak. Soziolinguistika Klusterrak emandako datuen arabera, Lasarte-Oriako ekimenean parte hartutako 3.000 herritarren artean, %62a ahobizi izan zen, %38a belarriprest, %61a emakumezkoak izan ziren, %38a gizonezkoak eta %1a ez binarioa.

Horrekin batera, 11 egunetako hizkuntza ariketan, parte hartzaileen euskararen erabilerak 14 puntu egin zituen gora, eta hiru hilabetera, kopuru horrek behera egin bazuen ere, 8 puntuko igoera mantendu zen.  Inork ikerketaren emaitzak ikusi nahiko balitu, eskuragarri daude udalean.

Nerabeak Euskaraldian

Iazko Euskaraldiak azterketa gehigarri bat egin zuen Lasarte-Oriako gazteekin; hain zuzen,  Oriarte institutuko 12 eta 16 urte arteko ikasleekin. Horrela, Ttakun Kultur Elkartearen eta udalaren elkarlanari esker egin ahal izan du azterketa, Ebete enpresak. Horrela, nerabeekin ahobizi eta belarriprest rolen metodologia erabili daitekela ondorioztatu dute. 

440 ikaslek parte hartu zuten ahobizi edo belarriprest modura, eta horietatik %30ak aitortu zuen ohikoa baino askoz euskara gehiago erabili zuela. %60ak azaldu zuen biko harremanetan, ohikoa baino euskara gehiago erabili zuela. Aldi berean, %90ak espero du aldaketa horiek iraunkorrak izatea.