Atsobakar zahar-egoitzeko langileen borrokak darrai

Txintxarri Aldizkaria 2019ko abe. 4a, 13:00

Gipuzkoako zahar-egoitzekoko langileen ahotsa entzun da berriro ere Lasarte-Oriako erdigunean. Okendo plazan eta azokan eskuorriak banatu eta elkarretaratzea egin dute udaletxe zaharraren aurrean. Herriko, zein Gipuzkoako zahar-egoitzetako egoera gogora ekarri dute

Gaur 142 egun. Horiek dira, Gipuzkoako erresidentzietako langileak greban igaro dituzten egunak. Azaroaren 11tik abenduaren 11era lanuzteak egingo dituzte 149 egun osatu arte. Esate baterako, egunotan Lasarte-Oriako Atsobakarreko langileak %70-80ko gutxieneko zerbitzuak egiten ari dira.

Herriz herri dabiltza langileak bizi duten egoeraren berri eman eta haien aldarrikapenak egiten, gaur Lasarte-Orian izan dira. San Pedro eliza aurrean bildu dira eta 'Zaintzaleak zainduz, bizitzak zaindu!' lemapean elkarretaratzea egin dute eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarrera salatu dute. Atsobakar erresidentziako langile, egoilar eta laguntzaileek bat egin dute aldarriarekin.

Elkarretaratzea baino lehen, Okendo plazan eta azokan izan dira herritarrei eskuorriak banatzen. Asko izan dira haiekin hitz egitera geratu diren herritarrak. Furgoneta bat ere ibili da herrian zehar, euren egoera lau haizetara jakinarazteko.