Ane Labaka, Gipuzkoako txapelaren bila

Txintxarri Aldizkaria 2019ko abe. 3a, 10:45
Ane Labaka, Oiartzungo saioan kantuan; atzean, Asier Azpiroz eserita. Arg.: Gipuzkoako Bertsozale elkartea

Agin Laburu, Beñat Gaztelumendi, Jon Maia, Alaia Martin, Oihana Iguaran, Beñat Lizaso eta Nerea Elustondo izango ditu lagun abenduaren 14an, Donostian jokatuko den Gipuzkoako Bertsolari txapelketako finalean

Igandean, Gipuzkoako Bertsolari txapelketako azken finalaurrekoa izan zen Tolosan. Jon Maiak irabazi zuen saioa eta zuzenean sailkatu zen Donostiako finalera. Aurreko saioetako bertsolariak puntuaketen zain zeuden, finaleko txartelak jokoan zeuden eta. Poza eta atsekabea, horrela laburtu daiteke Earra bertso eskolako Ane Labakak eta Asier Azpiroz, Azpik sentitutakoa. 

Labakak hartu du poza. Tolosako saioan, Jon Maiak bakarrik lortu ditu herritarrak baino puntu gehiago eta sailkapen nagusiko bosgarren postua lortuta, Gipuzkoako txapelketako finalean izango da kantuan. Badira 37 urte herriko bertsolari batek maila horretako finalean parte hartzen ez duena. Orduan, Patxi Etxeberriak lortu zuen balentria.

Asier Azpiroz, berriz, finaleko atarian geratu da. 463 punturekin, sailkapeneko bederatzigarren izan da eta finala hatz puntuekin ukitu du. Nerea Elustondo zortzigarren sailkatuak 467 puntu lortu zituen Arrasateko saioan.

Zortzikoa

Azken finalaurrekoaren ostean, Donostian Arenan izango den zortzikoa osatu da. Ane Labaka herritarraz gain, Agin Laburu, Beñat Gaztelumendi, Jon Maia, Alaia Martin, Oihana Iguaran, Beñat Lizaso eta Nerea Elustondo izango dira Gipuzkoako txapela eskuratzeko lehian.

Binakako lana, zein bakarkakoa egin beharko dute bertsolariek. Zortziko handia, zortziko txikia, hamarreko txikia eta gai librean lan egin beharko dute. Puntu gehien lortzen duten bi bertsolariek buruz burukoan neurtuko dituzte indarrak. Biak batera sei puntuko motzean eta zortziko txikian puntutan arituko dira. Bakarka, aldiz, kartzelako lana egingo dute.

Finala abenduaren 14an, arratsaldeko 17:00etan jokatuko da Donostia Arenan. Sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian daude eskuragai.