Euskarazko produktuen katalogo berria jasoko dute etxean, hamasei urtez azpiko gazteek

Txintxarri Aldizkaria 2019ko abe. 2a, 12:56

Adinaren arabera, bi atal nagusitan banatu dute aurten katalogoa. 0 eta 12 urte bitarteko gaztetxoentzako produktuekin osatu dute atal bat, eta 12-16 urte bitarteko gazteei zuzendutako produktuekin bigarrena

Euskarazko produktuen katalogoaren XXI. edizioa da aurtengoa, eta paperezko edizioak bezalaxe, web orriak (www.katalogoa.eus) ere itxura berritu du. 100.000 ale banatuko dituzte, egunotan, etxez-etxe.

Edizio berriak, adinkako sailkapena egin du aurten, eta horri esker, produktuen bilaketa “nabarmen” erraztearekin batera, adin tarte bakoitzari “nortasun propioa” ematen diola azpimarratu du udalak.  Dena den, paperezko edizioak ez ditu web orrian jasota dauden 2019. Urteko produktu guztiak biltzen, atalka antolatutako hautaketa bat jasotzen du paperezkoak: musika, DVD filmak, aldizkariak, komikiak, liburuak, jostailu eta jokoak eta gurasoentzako materiala.

Webguneraren eguneratzea

Maiztasunez eguneratzen dute katalogoaren web orria. Horrela, argitaratu berriak diren produktuak gehitzen dituzten neurri berean, deskatalogatuta daudenak kendu egiten dituzte. 10.000 produktu baino gehiago biltzen ditu –bi atalak kontuan hartuz- webeko katalogoak.

Urtean zehar argitaratzen diren produktuen jarraipena egiteko aukera ere izango dute bezeroek sare sozialen bidez; Facebook eta Twitter kontuetan emango dute horien berri. Horrez gain, buletin elektronikora harpidetzeko aukera ere eskainiko dute.