Elkarrizketa

Alaitz Zugasti: "Informazio falta handia dago, eta nire ustez, informazioa edukitzea ezinbestekoa da"

Maddi Zaldua 2019ko aza. 29a, 11:30

Alaitz Zugasti abokatu donostiarrak aholkularitza juridikoa eskaintzen die indarkeria matxistaren biktima izan diren emakumeei: "Gugan datozen emakumeei zalantzak argitzen saiatzen gara; bidean laguntzen diegu"

Gipuzkoako Foru Aldundian indarkeria matxistaren biktima izan diren emakumeei aholkularitza juridikoa eskaintzen die Alaitz Zugasti abokatuak (Donostia, 1975). Bide juridikoan pentsatzen jarrita, burura etor litekeen lehen hitza epaiketa izan liteke, baina Zugastik azaldu du, eskaintzen duten zerbitzuaren prozeduretako bat den arren, ez dela bakarra.  "Gugana datozen emakumeei zalantzak argitzen saiatzen gara, salaketaren aukera azaldu eta gaiarekiko jarraitu dezaketen bidean laguntzen diegu".

Zugastiren esku jartzen diren emakumeen kasuak, oinarrizko zerbitzu sozialetatik bideratutakoak izaten dira beti. Hau da, ez da beharrezkoa salaketarik jartzea aholkularitza jasotzeko. "Gipuzkoako herri bakoitzeko gizarte langileek egiten dute eskaera, eta probintzia osorako sei abokatu ari gara lanean; gutxi gorabehera, barruti judizial bakoitzeko bat".

Laguntza juridikoarekin batera, aspektu psikologikoan ere babestu daiteke emakumea. Urgentziazkoak diren kasuetan, aldiz, Gizarte Larrialdietarako Foru Zerbitzura jo dezakete. 

Indarkeria matxista jasaten duten emakumeak babesteko indarrean dauden legeak egokiak diren edo ez galdetuta, hobetzeko aukera "beti" dagoela erantzun du Donostiako abokatuak.  Halere, argi dauka berak, eta ez da legeen aldaketan gehiegi zentratzen: "Justizia administratiboan eskatuko nituzke hobekuntzak nik; baliabide gehiago eta profesionalen aldetik jarrera enpatikoagoak ezinbestekoak dira".

Hainbatetan, ordea, indakeria matxista jasan duen emakumeak justiziaren aldetik jaso dezakeen erantzuna erabat bestelakoa izan liteke. "Erlazio sentimentala egon den bikote baten kasuan,  indarkeria matxista gertatu denean, "beti  hartuko da indarkeria matxista kasu gisa". Gerta liteke, ordea, bikotekideek elkar salatzea, eta, horren ondorio gisa, emakumea ere kondenatua izatea. Kontrasalaketak gertatzen direnean, bi salaketak prozedimendu berean ikusiko dira, eta Emakumeen Gaineko Indarkeria arloko epaitegiak tramitatuko dituela azpimarratu du Zugastik.  

Ez du uste kontrasaleketek sinesgarritasuna kendu diezaieketenik emakumeen salaketei. "Horrela gertatzen den kasuetan, bi aldeak entzungo dira eta epaitegiak onartutako proba egingo da". Proba hori "oinarrizkoa" izan daitekeela azaldu du, batez ere indarkeria ez denean fisikoa izan, eta epaitegiko mediku forentse talde batek egindako txostena izaten da.

Beldurra nagusi

Ezin uka liteke indarkeria matxistaren aurrean, emakumeek beldurra sentitzen dutela beti, ezinbestean. "Guk, hainbat tresna eta baliabide jartzen ditugu emakumeen eskura beldur horri aurre hartzeko, baina beldur handia sumatzen dugu".  Foru Aldundko abokatuak, ordea, argi dauka beldur horren jatorria zer den. "Informazio falta handia dago, eta nire ustez, informazioa edukitzea ezinbestekoa da". Horregatik, defendatzen du, indarkeria jasan duen emakume batek jakin behar duela, adibidez, salaketa jartzeak zein bide irekitzen dizkion, baina baita bide horrek ekar ditzakeen une zail edo gogorrak ere. "Salaketa batekin beti ez da batek nahi duena lortzen. Garrantzitsuena  emakumearen ongizatea da, eta zenbaitetan, salaketak baino gehiago lagundu dezake bikote harreman bat eteteak, adibidez".

Horregatik, emakumeei prozesua "bere erritmoan" egitea aholkatzen die Zugastik. "Salaketa jartzeko erabakia hartzen denean,  emakumeak prest dagoenean ekin behar dio prozesu judizial horri". 

Ikastaroez harago, enpatia

Abokatuen eskolak legeen profesionalentzako eskaintzen dituen ikastaroei ez die garrantziarik kentzen Zugastik.  Formakuntza saioak "beharrezkoak" direla uste du, baina horren guztiaren gainetik, enpatia gailentzen da berarentzat.  "Indarkeria jasan duen emakumearekin enpatiko izan behar da, pazientzia ezinbestekoa da eta emakumearekiko gertutasuna agertzea ere oso garrantzitsua da".

Indarkeria matxistari buruzko datuak

 

52 hildako biktimak

 

Lasarte-Orian

  • Genero indarkeria atestatuak    16
  • Salaketa                                           9
  • Babesteko aginduak                      8
  • Babesteko aginduak indarrean  28

Gipuzkoan

  • Salaketa                                         825
  • Babesteko aginduak                    112

Euskadin

  • Salaketa                                        2.856
  • Babesteko aginduak                    402

Espaniar estatuak

  • Salaketa                                        80.814
  • Babesteko aginduak                   19.792