Ane Labaka, Tolosako finalaurrekoaren emaitzen zain

IƱaut G. de Matauko Rada 2019ko aza. 29a, 10:00
Ane Labaka bertsotan, irudiaren eskuinaldean. Erdian, Asier Azpiroz haren txandaren zain. Arg.: Gipuzkoako Bertsozale elkartea.

Labakak oin eta erdi du finalean. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako Oiartzungo finalaurrekoan, hirugarren eta laugarren izan dira Ane Labaka eta Asier Azpiroz eta igande honetan Tolosako saioan zer gertatuko den itxaron beharko dute Donostiako finalera sailkatu diren ala ez jakiteko

Beñat Gaztelumendik irabazi du Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoa eta, beraz, finalerako zuzeneko txartela. Ane Labakak eta Asier Azpirozek, finalaurrekoan hirugarren eta laugarren, igandera arte itxaron beharko dute finalera sartu diren jakiteko, orduan izango baita hirugarren eta azken finalaurrekoa.

Agin Laburu, Beñat Gaztelumendi eta igandean Tolosako finalaurrekoa irabaziko duen bertsolaria dira finalera zuzenean sartuko diren hiru lehiakideak, eta puntuazioaren arabera ondorengo bostek osatuko dute finaleko zortzikoa. Alaia Martin (493,5 pt), Ane Labaka (472,5 pt), Nerea Elustondo (467 pt), Asier Azpiroz (463 pt) eta Iñaki Apalategi (459 pt) dira, oraingoz, finalera sartuko liratekeen bost partaideak.

Abenduaren lehen egunean izango da hirugarren eta azken finalaurrekoa Tolosako Usabal kiroldegian, 17:00etan. Beñat Lizaso, Haritz Mujika, Iban Urdangarin, Jokin Uranga, Jon Maia eta Oihana Iguaran izango dira partaideak, eta Saroi Jauregik egingo ditu aurkezle lanak. Finala, berriz, abenduaren 14an izango da Donostian, Illunbe Arenan. Gipuzkoako zortzi bertsolari onenak aurrez aurre izango diren finaleko saioa 17:00etan hasiko da. Tolosako finalaurreko zein Donostiako finaleko sarrerak bertsozale.eus webgunean eros daitezke.

Igandekoa digeritzen 

Saio berezia izan zen igandekoa Ane Labakarentzat. Ezagunez inguraturiko finalaurreko saioan emaitza bikaina lortu eta gero, igandean Tolosako azken finalaurrekoan zer gertatuko zain dago, baina berak ere badaki aukera garbiak dituela abenduaren 14ean Illunbeko oholtza zapaltzeko.

Emozioz beteriko saioa izan zela onartu du Labakak: "Kantukideen artean oso giro ona zegoen; talde bat ginenaren sentsazioa genuen, eta publikoak sumatu zuela uste dut. Ilusio berezia egiten zidan saio honek", adierazi du.

Txapelketa Amaia Iturriotzekin prestatu du gehienbat Labakak, baina Alaia Martin eta Beñat Gaztelumendirekin batera ere entrenatu du. Asier Azpiroz, berriz, betidanik ezagutzen du. Erlazio estua duen jendez inguraturiko saioa izan zen Oiartzungoa.

Kalitate handiko saioa izan zela esan du Labakak, eta nahiz eta Gaztelumendi nabarmendu, denek orokorrean saio ona egin zutela azpimarratu du: "Alaia Martin bakarkakora arte bereziki ondo ikusi nuen, nire ustez ordurarte onena. Gero, bakarkako saioan Beñat Gaztelumendi oso ondo ibili zen, beti bezala. Amaia Iturriotz asko gustatu zitzaidan, eta Azpik [Asier Azpiroz] perlak utzi zituen. Denok eman genion gure ukitua".

Sentsazio gazi-gozoak izan zituen Labakak igandeko saioan.  Lehiakideekin oso gustora ibili zen, eta taldean jardun zutenaren sentsazioa izan zuen. Hala ere, urduritasunak tentsio handia eragin zion gorputzean: "Egia esan tentsio handiegia izan nuen saioan zehar, gorputzean batez ere. Martxa hartuta burua ondo joan zen. Urte guztian zehar landu ditudan hainbat gauza islatzeko ahalmena izan dudala uste dut, eta horregatik pozik nago egindako saioarengatik. Bakarkako saio on batekin borobildu nuen finalaurrekoa. Ideia aldetik oso solte ikusi nuen nire burua, eta aurretik nahi nuen horretatik nahiko gertu ibili nintzen". Hobetzeko tartea beti dagoela esan du, baina ahala ere egindako saioarekin ezin dela kexatu dio. 

Labaka kontziente da finalean sartzeko aukera handiak dituela, baina nahiago du igandera arte itxaron, beti gerta daitekeelako espero ez duzun zerbait.

Azken finalaurreko sei bertsolarietatik bostek Ane Labakak baina puntu gehiago egin beharko lituzkete finaletik kanpo geratu dadin, eta horrelako txapelketa batean oso zaila dela uste du, baina guztiz erlaxatu ezin dela dio. Finaletik kanpo geratuz gero, txapelketa positiboki baloratzen jarraituko duela azpimarratu du Labakak, "honaino iristea opari bat" dela baitio.

Barre artean, lagun batek "oin eta erdi" finalean dituela esan diola kontatu digu. Hala ere, Labakak nahiago du oraindik finalean dagoela ez pentsatu eta igandera arte itxaron: "Egia da oso ondo kokatua nagoela, baina nahiago dut igandera arte itxaron finalean pentsatzen hasi eta saioa prestatzeko".

Behin-behineko sailkapena

Hauek dira, oraingoz, finalerako txartela lortu duten bertsolariak:

Zuzenean sailkatuak

Beñat Gaztelumendi 506 pt 
Agin Laburu 501 pt

Sailkatu birtualak

Alaia Martin 493,5 pt
Ane Labaka 472,5 pt
Nerea Elustondo 467 pt
Asier Azpiroz 463 pt
Iñaki Apalategi 459 pt

Ofizialki kanporatuak

Iñigo Mantzizidor 453 pt
Unai Mendizabal 452 pt
Unai Gaztelumendi 447 pt
Amaia Iturriotz 438 pt
Eñaut Martikorena 434 pt