Mitoak mito dira eta beraz edozein benetako azterketa, kritika edo saihespenen gainetik daude. Berdin da pertsona, erakunde edo hiriez ari bagara. Berriki New Yorken 10 egun pasatzeko moduan izan gara eta han sortu zitzaidan hausnarketa

Hura da zalantzarik gabe hirietan hiri, bertan topatu daitezke “gure” mendebaldeko kosmosaren adierazpide asko eta asko eta nahi izanez gero, ekialdekoarenik ere bada zutikako Boulebarren batek etzandako kaleren batekin tupust egiten duen bidegurutzean. 

Esan gabe doa gure bizitza eta mundu ikuspegian eragin nabarmena duela zineak. Txikitandik filmak ikusten ohituta gaude eta horiek Estatu Batuak dituzte sorburu kasik gehienetan. Eta behar bada New Yorkeko kaleak dira pelikula horietan gehien azaldu izan direnak. Horregatik egiten zaigu hain ezagun hiriko hainbat kale eta eraikin. Horrek ematen dio besteak beste xarma. Dena aldeko beraz orain arte esandakoetan. 

Bainakoak bilatzen hasita ordea baditu bereak. Izugarria den hiri guztiek bezala erritmo erora eramaten zaitu eta sentsibilidaderik txikiena edukita ere han dagoen gizarte kohesio eza oso deigarria da. Asko dira kaleetan, hotzetan, sufritzen ikusi daitezkeenak lehen-lehen munduko , inperioko ordezkaria den gunean. Eta horrekin batera, erraza da, errazegia, gaizki jatea: merkeagoa ondo jatea baino. 

Bi adibide besterik ez, esateko, kilikagarria dela New York, ezagutu beharrekoa, baina “beti bizitzeko”, gurea nahiago. Osasun zerbitzu unibertsala eta txukun jateko atea zabal zabal irekita. Oinarrizko kanpamendua hemen eta gero, hori bai, batera eta bestera mugitzea: hor dago nire ustez puntu egokia. Hausnarketa txiki bat, besterik ez, mito den hiritik itzultzean.