ELKARRIZKETA

"Txikitatik deitu dit arreta errugbilariek epailea zenbat errespetatzen duten"

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko aza. 29a, 11:00
Beltzak taldeko poloarekin etorri da Ibisate hitzordura. Argazkia Gure Etxea tabernan ateratzea proposatu du; "herriko errugbi zaleen egoitzetako bat da". Atzean, Beltzaken gabonetako saskia dago.

JON IBISATE ALDAY – ERRUGBI-EPAILEA ETA MARRAZAINA

Hamabi urte zituenean animatu zen lasarteoriatar gaztea errugbia beste ikuspuntu batetik ere ezagutzera: epaile lanak egiten hasi zen, Gipuzkoako Federazioko ikastaro bat egin ostean. Zazpi urte beranduago, Rugby Europe Txapelketako partida batean aritu da, marrazain gisa. 

Errugbi-epailea eta marrazaina da Jon Ibisate Alday (Lasarte-Oria, 2000). Alemanian pasa zuen aurreko asteburua; Rugby Europe Txapelketan linier lanak egin ditu, Alemania-Herbehereak partidan. Telebistan ikusi izan ditu neurketa horiek orain arte; larunbatean, bera izan zen telebistan azaldu zena.

Hamabi urterekin murgildu zen mundu horretan, Gipuzkoako Federazioak antolatutako ikastaro batean parte hartuz. Bere adineko jokalarien partidak zuzentzen zituen. "Txikitatik harritu nau nola errespetatzen duten, eta zenbateko presentzia daukan", aitortu du Ibisatek. Zazpi urte beranduago, arbitro nagusia da Euskadi mailan; marrazain lanak ere egiten ditu kategoria altuagoko partidetan. Astebururo, lanpetuta.

Alemanian egon zara orain dela gutxi, Rugby Europe txapelketako neurketa batean, marrazain gisa. Zer moduz? Asimilatu duzu bizitako guztia?

Ikaragarria izan zen neurketa: Alemaniaren eta Herbehereen banderak, ereserkiak, giro izugarria... Duela gutxi telebistan ikusten nuena zuzenean bizi izan dut. Neurri batean, errealitate bihurtu dut ametsa. 

Ostiralean iritsi ginen Heidelberg hirira [Frankfurtetik ordubetera dago]. Gosaldu ostean, zelaia ezagutu genuen. Orduan ikusi genuen zenbateraino zaintzen duten protokoloa horrelako kirol ekitaldietan: epaileok ez genituen lizentziak berrikusi behar, ezta beste tramite batzuk egin behar ere. Pertsona bat zeukaten lan hori egiteko. Gu arbitratzera mugatu ginen. 

Nolatan izan duzu aukera europa mailan marrazain gisa aritzeko?

Euskadi mailan epaile nagusi bezala aritzen naiz. Kategoria altuagoetan, berriz, marrazain. Iñigo Atorrasagasti donostiarra da epaile nagusia; harekin ibiltzen naiz hara eta hona. Jakin zuenean Rugby Europeko partida bat zuzendu behar zuela, deitu egin zidan; ez nuen asko pentsatu, eta animatu egin nintzen. 

Nola sentitu zinen partidan zehar? 

Hasieran, pixka bat urduri. Baina, oro har, arbitratzeko partida ona izan zela uste dut, ez zegoen jokaldi zail askorik. Lehen zatia oso orekatua izan zen; 7-10, Herbehereen alde. Bigarrenean, ordea, beste martxa bat sartu zuten, eta alemaniarrek baino askoz hobeto jokatu. 7-37 irabazi zuten. Inpotentzia hori tarteko, jokaldi zikinen bat edo beste egin zuten etxekoek. Baina ez zen neurketa zaila izan. 

Aipatu behar dut Alemania-Herbehereak ez zela punta-puntako partida bat izan ere; badaude selekzio indartsuagoak. Euren joko-maila Espainiako Ohorezko mailako taldeenaren parekoa da, gutxi gorabehera.

Zeri begiratu behar dio adi-adi marrazain batek?

Lau dira oinarrizko funtzioak: alboko marra zaintzea; entseguko alboko marra zaintzea; makiletara egiten diren jaurtiketak aztertzea; eta taldeek joko zikina erabiltzen duten ikustea ala ez. Gero, partidetan, beste hamaika egoera eta jokaldi daude. Egia esan, zaila da 80 minutuetan zehar %100 kontzentratuta egotea, baloia bat-batean alde batetik bestera joaten denean, batez ere.

Epaile nagusiari asko laguntzen diozue, beraz.

Arbitro printzipalak ikusten badu marrazainak fin ari direla, kontzentratu daiteke partidaren nondik-norakoetan, guk egin beharrekoei hainbeste begiratu gabe. Lasaiago zuzentzen du neurketa, eta konfiantza gehiagorekin. 

Partida bukatu eta gero, hirugarren denbora. Anekdotarik?

Jokalari eta epaileok egin genuen hirugarren denbora, trajez jantzita. Hiru arbitrook [epaile nagusiak eta bi marrazainek] txapela janztea erabaki genuen. Horrela egon ginen: trajez jantzita, baina txapelarekin.

Ikusi genuen Alemaniarekin debuta egin zuten jokalariek bazeukatela "kontratu" moduko bat: selekzioaren pin bat zeukaten, eta belarritako gisa jarri behar izan zuten.

Noiz hasi zinen epaile lanak egiten?

Hamabi urte nituenean. Txikitatik deitu dit arreta errugbilariek zenbat errespetatzen duten epailea. Ikastaro bat antolatu zuen Gipuzkoako Federazioak, eta apuntatzea erabaki nuen. 10 eta 12 urtez azpikoen kategoriako partidak zuzentzen hasi nintzen.

Zazpi urte beranduago, Rugby Europe txapelketara joan zara. 

Pixkanaka-pixkanaka joan naiz epaile izatearen munduan murgiltzen, eta kategoriaz igotzen. Zenbait urtez probintzia mailan arbitratu ostean, Euskadin hasi nintzen lan hori egiten, 2017-18 denboraldian. Iñigo Atorrasagasti zen orduan Euskadiko epaileen burua; berak proposatu zidan urrats hori ematea. Beti esaten dit gauza bera: "Ikusten badut konpromisoa daukazuela, eta ongi arbitratzen duzuela, zuekin kontatuko dut beti".

Hemeretzi urte, eta selekzioen arteko neurketa bat curriculumean. Gauzak ongi egiten ari zaren seinale.  

Bai. Ondo bidean, hemendik bi urtera gustatuko litzaidake Ohorezko B mailan epaile nagusia izatea. Baina ez daukat presarik. Etorri behar badu, etorriko da. Gauza bakoitza bere momentuan. Gainera, ez dago nire esku: ebaluatzaileek baloratzen dute gure lana. Ikasten segiko dut nik, esponja baten gisan kontzeptuak-eta barneratzen. 

Epaile nagusia zarenean, faltan botatzen dituzu marrazainak?

Erabat aldatzen da kontua. Euskadi mailako partidak zuzentzen ditudanean, ni bakarrik nago, linierrik gabe. Horrek esan nahi du arretaz jarraitu behar ditudala jokaldiak; lan guztia nik egiten dut. Hori da nire errealitatea asteburu askotan; Europan bizitakoa fantasia bat da ia, errealitate paralelo bat.

Jokalari ere izan zara hainbat urtez.

Aurten erabaki dut arbitrajean %100 zentratzea. Duela bi urte, 18 urtez azpiko taldean nintzela, Euskadiko Liga irabazi genuen. Hurrengo urterako entrenatzen hasi eta berehala, deitu egin zidan Iñigo Atorrasagastik, eta bere taldeko kide izatea proposatu; Espainia mailako neurketetan marrazain gisa aritzen naiz. Iaz Ohorezko mailako finala zuzendu genuen. Asteburuan Bartzelonara noa. Madril eta Valladolidera ere bai, urtea bukatu aurretik. 

Horren agenda estuarekin, ateratzen al duzu tarterik zuretzat?

Momentuz, ongi uztartzen ditut epaile lanak eta ikasketak. Ahal dudan guztietan ateratzen naiz kalera lagunekin ere, nahiz eta asteburu askotan ezin naizen haiekin geratu. Aurreko astean, esan zidaten pintxo-poteko lehen erronda nire kontu izango zela, Alemaniara nindoala-eta. Ordaindu nizkien trago horiek. 

Asteburuetan, epaile; astegunetan, berriz, ikasle.

Energia ingeniaritza gradua egiten ari naiz, Orona gunean. Bigarren urtean nago. Arratsaldez dauzkat klaseak, 18:45 arte, gutxi gorabehera. Momentuz, ongi ari naiz dena uztartzen. Gainera, pasa den astekoa bezalako konpromisoak dauzkadanean, irakasleek ulertzen dute. Inplikatzen dira: esplikatzen dizkizute galdutako klaseetan emandako ikasgaiak.

Zure gertukoek ulertzen dute egoera?

Bai, eta eskertzen diet. Amak askotan eraman izan nau autoz partidetara, gidabaimena oraindik ez neukanean. 'Ongi arbitratu ezazu gaur', esaten dit. Funtsezkoa izan da bere laguntza. Lagunek ere beti galdetzen didate ea asteburuan nora joatea tokatzen zaidan. Eta ezin ahaztu Beltzak taldearen babesa eta animoak ere. Munduko Kopako partida batzuk ikusi ditugu elkarrekin Gure Etxean; epailea naizenez, nire iritzia eskatzen zidaten jokaldi askotan. Ingalaterraren zale sutsua naiz ni; brometan, baina beraien alde egiten nuen beti! Begiratzen dut epaileek egiten duten lana, ikasten jarraitzeko. 

Beltzak taldeko harrobitik zatoz zu, beste gazte lasarteoriatar asko bezala. Zer iruditzen egiten ari diren lana?

Nahiz eta dagoeneko ez dudan jokatzen, jarraitzen dut Beltzaken dinamikan sartuta: babesleak bilatzen, eskolako gaztetxoei errugbian jokatzen irakasten... Jokalari ohiak garenetako asko zuzendaritzako kideengandik gertu gaude, eta ahal dugunean laguntzen dugu.

Errugbia ezagutarazi nahi dugu herrian: gaztetxoei erakutsi badaudela alternatiba gehiago, dena ez dela futbola. Ostiral arratsaldeetan entrenatzen dugu, Michelingo zelaian, pare bat orduz. Han egongo naiz gaur ere.