Oiasso Kamerata boskotea, XV. Musika topaketen lehen saioan

Txintxarri Aldizkaria 2019ko aza. 28a, 16:00
Oiasso Kamerata boskotea Andoainen eskainitako kontzertu pedagogikoan. Arg.: Aiurri

Danok Kide elkarteak emanaldi erakargarri batekin emango die hasiera bihar, 19:30ean aurtengo Musika Topaketei, Oiasso Kamerata boskotea. Hari boskotearen eskutik doinu klasiko eta ezagunak entzungo dira Ama Brigitarren komentuko kaperan

Oiasso Kamerata boskotea izango da bihar Danok Kidek antolatzen dituen Musika Topaketen protagonista. Egitarau erakargarri eta bizia dakar boskoteak Ama Brigitarren komentura. 

Bi musikari handiren lanak osatuko dute kontzertuaren lehen zatia, Mozart eta Vivaldi. Konposagile bakoitzaren bina doinu eskainiko ditu hari boskoteak: Mozarten Pequeña serenata nocturna eta Divertimento en re mayor eta Vivaldiren Concerto alla rustica eta Concierto para cuerdas en sol menor

Hari boskoteak musika klasikoa jotzera murrizten ez direla erakutsiko du bigarren zatian. Horretarako, estilo anitzetako lanak aurkeztuko dituzte Musika Topaketan.

Brasilgo doinuak, Brian Balmages, Carlos Gardel edo Astor Piazzolaren tangoak, Ennio Morriconeren Cinema Paradiso, La vida es bella filmeko doinua, Karl Jenkinsen Palladio eta Queen eta Coldplay talde britainiarren Bohemian Rhapsody eta Viva la vida abestiak entzungo dira egitarauaren bigarren zatian.

Musikari profesionalak

Ama Brigitarren komentuan egongo den boskotea Kamerata Oiasso hari orkestrako atal buruek osatzen dute. Horietako bat, Tomas Ruti Vilar herritarra dugu. Biolin jolea irakasle da eta hainbat hari edo kamara taldeetako partaide da, Et Incarnatus orkestra, esate baterako.

Oiasso Kamerata 2013 urtean sortu den hari-orkestra da eta kontzertu ugari eskaini ditu Euskal Herriko txoko guztietan. Kameratako kide gehienak musikari profesionalak dira eta Euskadiko Sinfonikoarekin, Bilboko Sinfonikoarekin, Musikeneko Sinfonikoarekin, Frantziako Euskal Kostaldeko Orkestrarekin, Nafarroako Sinfonikoarekin eta herrialdeko zein atzerriko beste ganbara taldeekin jo dute.

Ez da hau musikarekin Danok Kidek izango duen azken hitzordua. Abenduaren 11n, Opera digitalaren saio berria dago. Oraingoan, Opera Gala: Live from Baden-Baden ikuskizunaz gozatuko dute zaleek.