Herritarrek maila ona, Donostiako Maratoian

Txintxarri Aldizkaria 2019ko aza. 28a, 13:30

Anabel Eleno herritarra Donostiako Maratoiko podiumean. Arg.: Txema Vallés

Nazioarteko 6.000 korrikalari, 41 lasarteoriatar, izan ziren Donostiako kaleetan barrena igande goizean. Azken egunetako euri eta haize bolada bortitzek 42. Donostiako Maratoiko parte hartzaileei utzi zieten protagonismoa. Herritarren artean, Anabel Elenoren lana da goraipatzekoa. Bere mailako lehen sailkatua izan zen

Igandea goizean zaila zen Donostiako erdigunera gerturatzea. Izan ere, korrikalariek kaleak hartu zituzten Donostiako Maratoia zela eta.

Maratoiko proban Collins Kipkorir keniarra, 2:11:57, eta Susana Cunha portugesa, 2:36:09, izan ziren garaileak. Maratoi erdian, Archie Casteel suediarra, 1:04:10, eta Norvegiako Annemari Kiekara, 1:15:55, izan ziren nagusi. John Borjesson suediarrak, 30:31, eta Aratz Rodriguez hondarribiarrak, 36:35, 10K probako garaikurrak lortu zituzten. 

Lasarte-Oriako 41 herritarrek ere parte hartu zuten Donostiako Maratoiko hiru probetako batean.

42 kilometroko proban bildu zen multzorik handiena, 20 korrikalari, eta distantzia honetako parte hartzaileetako bat izan zen ere podiuma zapaldu zuen herritar bakarra, Anabel Eleno. Lasarteoriatarrak beteranoen mailako 50 urte baino gehiagoko txapela eskuratu zuen. Anoetako Mini estadioko helmugara 3:03:43 iritsi zen Eleno. Marka ederra da, baina herritarra ez zegoen pozik egindako lanarekin, hiru ordutik behera egin nahi baitzuen proba.

Eleno, ordea, ez zen helmuga igaro zuen lehen herritarra. Aitor Otamendi izan zen ohore hori izan zuena. Ibilbidea 2:55:59 denboran egin zuen.

Maratoi erdian ere Lasarte-Oriako 17 lasterkariko taldetxo bat bildu zen. 21 kilometroko proban, Gorka Gil izan zen herritarrik azkarrena, 1:13:59. Eta emakume mailan, berriz, Mari Carmen Olaso beteranoa, 1:33:59.

Azkenik, 10K proban lau  herritar besterik ez ziren izan. Julen Goena, 0:39:10 eta Rebeca Villanueva, 0:40:49 izan ziren azkarrenak euren mailetan.