Elkarrizketa

"Nire semeak bultzatuta itzuli nintzen xakean lehiatzera"

Txintxarri Aldizkaria 2019ko aza. 27a, 12:47

Gipuzkoako bigarren mailako txapeldun izan berri da Juan Rodriguez lasarteoriatarra, eta txapelketari zein xake munduari buruzko nondik norakoak kontatu dizkigu.

Gogotsu dago Juan Rodriguez lasarteoriatarra Gipuzkoako bigarren mailako txapeldun izan eta lehen mailara igota. Jokoaz disfrutatzen jarraitu nahi du, eta ahal dela, probintziako maila gorenean partida bat edo beste irabazi.

Gipuzkoako bigarren mailako txapeldun geratu zara. Zer nolako sentsazioak izan zenituen txapelketan zehar?

Txapelketa honetan aurkeztu nintzenean, helburua partidaren bat irabaztea eta orokorrean jardun ona egitea zen. Joan den urtean, hirugarren mailan, laugarren geratu nintzen eta bigarren mailara igotzea lortu nuen. Lehen mailara igotzea, baina, zaila ikusten nuen.

Bigarren mailako txapelketa hastean, lehen partida irabazi nuen, eta bigarrena irabaztean ikusi nuen lehen mailara igotzeko aukera errealak nituela. Hirugarrena ere irabazi eta lider jarri nintzen, baina ez nuen uste irabaziko nuenik. Laugarrena irabaztean, baina, puntu erdi gehiago behar nuen bakarrik irabazteko, eta hala izan zen.

Gipuzkoako lehenengo mailan zaude orain, beraz?

Bai, bigarren mailatik hiru partaide igo gara lehen mailara. Hemendik aurrera, baina, gauza asko zailtzen da, kategoria berdinean baikaude lehen mailakoak, preferentekoak eta absolutuak. Hemen ezberdintasun handiak daude kategoriako onenen eta okerren artean. Ni iritsi berria naiz, eta 1.600 puntu ditut. Hortik aurrera 1.900, 2.000 eta puntu gehiagoko jokalariak daude. Gipuzkoako txapeldunak, esate baterako, 2.400 ditu. Izugarria da iritsi berriekiko dagoen aldea. Hurrengo txapelketa, beraz, ezinezkoa izango da niretzat.

Podiumeko argazkia ikusita, gazteak indartsu datozela ematen du.

Hala da bai. Alex Odriozolak, bigarren sailkatuak, hamairu urte besterik ez ditu. Eta ez da bera bakarrik. Kategoria horretan bost edo sei gazte daude, goi mailakoak denak. Alex Larrañagak ere hamairu urte ditu, eta laugarren geratu da, hirugarrenaren puntu berdinekin

Jende askok dio xakea ez dela kirola. Zer uste duzu zuk?

Jendeak ez du sinistuko, baina kaloriak erretzen dira xakean jolasten, eta mentalki zer esanik ez dago. Kilo erdia inguru galtzen dugu jardunaldi bakoitzean. Partidan zehar ur asko edan behar izatea horren sintoma da. Ez naiz guztiz gai kirola den edo ez esateko, baina Federakuntza badago, ez dut uste akatsa denik kirola dela esatea.

Halako txapelketa baterako prestakuntza edo entrenamendua behar ahal da?

Oso ona bazara, seguruenik asko praktikatu gabe ia edonor irabaz dezakezu. Baina normalean egunerokotasunean jokatu beharra dago, gutxienez, goi mailako aurkariekin ibiltzeko. Ni gazte garaian hasi nintzen xakeko txapelketetan parte hartzen, 1975ean edo. Baina hortik gutxira utzi egin nuen eta 40 urtez lehiatu gabe egon nintzen.

Nire semeak bultzatuta, Gros xake taldean sartu nintzen, eta klaseak jasotzen hasi. Andoni Segovia izan da nire irakaslea denbora honetan, goi mailako xake jokalaria. Berriz lehiatzeko gogoa sartu zitzaidan, eta hor hasi nintzen, pixkanaka hobetuz lehen mailara iritsi arte.

Noiz hasi zinen ba xakean jolasten?

Hamar urte inguru nituela lagunekin jolasten hasi nintzen, eskolan. Beranduago, Basaundiko jaietan eta San Pedrotan antolatzen zituzten txapelketetan parte hartzen hasi ginen. 1975eko San Pedrotako txapelketan, adibidez, bigarren geratu nintzen, Juan Luis Fernandinoren atzetik.Ondoren, Michelinen xake sekzioa ireki zuten, eta Angel Gonzalez laguna eta biok apuntatu egin ginen. Gustora nengoela ikusita, federatu egin nintzen 1978 arte, urte horretan xake sekzioa kendu baitzuten.  Eta hortik aurrera, lehen esan dudan bezala, 40 urtez lehiaketetatik kanpo egon nintzen nire semeak berriz lehiatzeko aholkua eman arte.

Zer nolako helburuak dituzu lehenengo mailan?

Helburuetako bat ligan emaitza onen bat lortzea da, oso aurkari onak baitaude. Konparatzeko, nik 1.600 puntu ditut, eta Gipuzkoako onenak 2.400 puntu ditu. Txapelketan, berriz, parte hartzea da helburu nagusiena, eta ahal bada, partidaren bat irabaztea.