Gaur goizean Pintxo ibilbidearen zazpigarren edizioko aurkezpena egin dute Aterpea Merkatari eta Ostalari elkarteak eta Lasarte-Oriako Udalak Semblante Andaluz elkartean. Horrez gain, zazpi pintxoen dastatzea egin dute Sergio Humada sukaldariak eta elkarte gastronomiko ezberdinetako kideek.
Ramon Ormazabal Aterpeako lehendakariak azaldu ditu aurtengo lehiaketako nondik norakoak eta bi berrikuntza aurkeztu ditu.
Lehenik epaile berria egon da. Urtero legez, sukaldari ezagun batek erabakitzen du sari nagusia. Martin Berasategi edo Ramon Roteta izan dira orain arte epaile lanetan egon direnak, aurten Sergio Humada sukaldariaren txanda izan da. Sukaldari gazteak Casa Humada jatetxea ireki berri du, lehen Txitxardin Beltza zen eraikinean. Humadak aurkeztutako pintxoen kalitatea goraipatu du eta erabakitzeko zailtasunak izan duela aitortu du.
Bestetik, herritarren sariak ere izan du aldaketarik. Herritarren iritziaz gain, elkarte gastronomikoena ere bildu da eta.
Elkartea gastronomikoetako kideek gaur probatu dituzte pintxoak eta hiru ezaugarri puntuatu behar dituzten 1etik 5era: zaporea, originaltasuna eta aurkezpena.
Orain, herritarren iritzia biltzea besterik ez da geratzen. Asteburuan zehar, ibilbidean parte hartzen duten zazpi taberna horietara joaten diren herritarrek euren gogokoena bozkatu ahalko dute. Parte hartzen duten herritarrek 200 euroko saria lortu ahalko dute. Saria Aterpeako komertzioetan gastatu ahal izateko erosketa-bonoetan banatuko da.
Abenduaren 2an bozka guztiak jaso eta 3an zenbatuko dira. Abenduaren 11n jakitera emango ditu Aterpeak VII. Pintxo ibilbideko sarituak.
Ormazabalek eskerrak eman dizkie gaurko ekitaldira hurbildu diren guztiei; Lasarte-Oriako Udalari bere laguntzarengatik, pintxo ibilbidean parte hartuko duten tabernei, epaile lanetan egon diren Sergio Humadari eta elkarte gastronomikoei, eta bereziki Semblante Andaluz elkarteari “gaurko ekimena bertan egitea ahalbidetzeagatik”.
Horrez gain, Aterpea Merkatari eta ostalari elkarteak Genero indarkeriaren aurkako egunarekin bat egiten duela adierazi du.