Bertsolaritza

Hirugarren eta laugarren geratu dira Ane Labaka eta Asier Azpiroz Oiartzungo finalaurrekoan

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko aza. 25a, 10:56

Beñat Gaztelumendik irabazi du Oiartzungo Elorsoro kiroldegian egindako finalaurrekoa, 506 punturekin. Ane Labaka eta Asier Azpiroz Earra bertso eskolako kideak hirugarren eta laugarren izan dira, hurrenez hurren.

472,5 puntu lortu ditu Ane Labakak, eta Asier Azpirozek berriz, 463. Alaia Martin bigarren sailkatuak 493,5 puntu lortu ditu; Iñigo Mantzizidorrek eta Amaia Iturriotzek, berriz, 453 eta 438 puntu eskuratu dituzte.

Beñat Gaztelumendi añorgarra, beraz, zuzenean pasa da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalera. Lehen finalaurrekoan Agin Laburuk lortu zuen Donostiako finalerako zuzeneko txartela. Tolosan egingo da hirugarren finalaurrekoa, eta bakoitza irabazi duenaz gain, puntu gehien lortu dituzten bost bertsolari izango dira haiekin abenduaren 14ko finalean.

Ondo kokatuta

Ane Labaka eta Asier Azpiroz ondo kokatuta daude puntuen araberako sailkapenean. Alaia Martin da 493,5 punturekin oraingoz hoberen kokatuta dagoena. Ane Labaka da bigarrena, eta Asier Azpiroz laugarren da, Nerea Elustondok 467 puntu lortu baitzituen Arrasateko finalaurrekoan.

Abenduaren lehen egunean izango da Tolosako finalaurrekoa Usabal kiroldegian, 17:00etan. Beñat Lizaso, Haritz Mujika, Iban Urdangarin, Jokin Uranga, Jon Maia eta Oihana Iguaran izango dira partaideak.

Finalaurreko saioko zein finaleko sarrerak esteka honetan eros daitezke.