Emakumeek jasaten dituzten indarkeria egoeren aurrean, gazteen arte-adierazpen oro onartzea, baloratzea eta sustatzea. Horiek dira, besteak beste, Beldur Barik lehiaketaren oinarriak. Seigarren edizioa izan da aurtengoa. Hainbat neska-mutilek parte hartzen dute, herriz herri. Lasarte-Oriaren kasuan, beste urte batzuetan baino lan gutxiago jaso ditu epaimahaiak –bi besterik ez–, baina bertako kideek nabarmendu dute "oso onak" izan direla. Berdintasun batzordeburu Lourdes Acevedoren ahotik entzun dituzte hitz horiek parte-hartzaileek.
Hamabi eta hamahiru urte bitarteko gaztetxoen kategorian, Antzinatik orainera ikus-entzunezko lana aurkeztu du neska-mutil kuadrilla batek. Hainbat egoera jarri dituzte mahai gainean (etxeko lanen ardura, jolasterako orduan generoen artean historikoki egin izan den banaketa, e.a.), duela urte batzuetako kasuak eta gaur egungoak alderatuz. Eta galdera bat planteatu: "Horrenbeste aldatu al gara?". 200 euroko saria jaso du taldeak.
Hamalau eta hemezortzi urte bitartekoen mailan, Gauza bakoitza bere momentuan lana aurkeztu dute Sandra eta Marta Rojok, Leire Ipiñak eta Saioa Ortizek. Hausnartu dute teknologia berriek dituzten arriskuez, eta emakumeek jasaten dituzten jazarpen eta eraso digitalez eta fisikoez. 200 euroko saria jaso dute horiek ere. Hemeretzi eta 26 urte bitartekoen kategoria hutsik geratu da aurten.
Hainbat udal ordezkari bertaratu dira sari-banaketa ekitaldira. Gogotik txalotu dute gazteek egindako ahalegina eta proiektuak.

