"Perku Mundua" ikastaroa egingo du Lasarte-Oriako Gaztelekuak

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko aza. 21a, 10:35
Perkusio afrikarra.

Lasarte-Oriako Gaztelekuak, udalaren eskutik, "Perku Mundua" ikastaroa aurkeztu du, munduko perkusio-instrumentu ezberdinak ezagutzeko.

Munduko txoko ezberdinetako perkusio-instrumentuak eta haiekin egiten den musika ezagutzeko gazteentzako ikastaroa egingo du Lasarte-Oriako Gaztelekuak. Lau egunetan izango da ikastaroa, abendu eta urtarrileko larunbat goizetan banatua. Ondorengo lekuko instrumentuak ezagutzeko aukera izango dute izena emandakoek:

1. Abenduak 14 --> Perkusio afrikarra.

2. Abenduak 21 --> Txalaparta.

3. Urtarrilak 11 --> Kaxa flamenkoa.

4. Urtarrilak 18 --> "Body" perkusioa.

Ikastaroak goizeko 11:30etik 13:30era eta euskaraz izango dira Lasarte-Oriako Gaztelekuan, Jaizkibel plazako 14. zenbakian.

Lasarte-Orian erroldatutako pertsonentzat 3,80 euroko prezioa izango du izen emateak, eta beste pertsonentzat 25,33 eurokoa izango da prezioa. Abenduak 4a da izena emateko azken eguna, eta Gaztelekuan edo online egin ahal izango da (esteka honetan).