Lasarte-Oriako Udalak marketin-kudeatzaile bat behar du

Txintxarri Aldizkaria 2019ko aza. 20a, 14:11

Lasarte-Oriako udalak prentsa-ohar baten bitartez jakinarazi du marketin-kudeatzaile bat behar duela bost hilabeteko lan bat egiteko.

Eskaintzen den lan-kontratua bost hilabetekoa da, "Tratu On Bat – Un Buen Trato" udal-marka bultzatzeko. %75eko lanaldia eskaintzen dute, astelehenetik ostiralera, ordutegi malguarekin. Lana abenduaren 15etik aurrera hasiko dela adierazi dute, eta soldata 1.800 euro ingurukoa izango da.

Ondorengo lau puntuek egin beharko den lana laburtzen dute:

  1. Sortutako web-euskarriaren erabilera efikaza eta efizientea lortzea, herriko merkataritzaren "Lasarte-Oria tratu on bat - Un buen trato" marka bultzatuz.
  2. Andoaingo establezimenduetan IKTak ezartzen eta garatzen laguntzea. Andoaingo Elkartearen (Salkin) komunikazioa bultzatzea eta hobetzea IKTen bitartez.
  3. Lasarte-Oriako eta Andoaingo merkatariei eta ostalariei orientazioa ematea marketineko ekintza partikularrei buruz.
  4. Lasarte-Oriako eta Andoaingo merkatari eta ostalarien prestakuntza hobetzeko behar partikularrak identifikatzea.

Lanpostua lortu nahi dutenek, baina, gutxiengo baldintza batzuk bete beharko dituzte: Beterri-Buruntzako udalerriren batean erroldatutako emakume langabea izatea; merkataritzaren kudeaketarako eta marketineko ikasketa amaituak izatea, edo baliokideak diren goi-mailako ikasketak izatea; eta, azkenik, EGA titulua edo baliokidea izatea.

Bestalde, lana eskuratzeko baliogarriak izango diren bestelako ahalmenak ere badaude: antolamendurako gaitasuna izatea, komunikazio-kanpainen garapenean esperientzia izatea eta aplikazio informatikoak erabiltzen jakitea.

Lana eskuratu nahi duenak Lasarte-Oriako Donostia etorbideko Lanbideren bulegora joan beharko du curriculumarekin.