Ane Labaka eta Asier Azpiroz finaleko txartelaren bila joango dira Oiartzunera

Txintxarri Aldizkaria 2019ko aza. 20a, 12:21

Oiartzungo Elsoro kiroldegian saiatuko dira Earra bertso eskolako bi kideak Gipuzkoako finalean sartzen.

Igandean 17:00etatik aurrera izango da Gipuzkoako Bertsolaritza Txapelketako bigarren finalaurreko saioa. Beñat Gaztelumendi, Iñigo Mantzizidor, Alaia Martin eta Amaia Iturrioz izango dituzte aurkari Ane Labakak eta Asier Azpirozek. Arrasatekoaren ostean, txapelketako bigarren finalaurrekoa da hau, eta Inaxio Usarraldek egingo ditu aurkezle lanak. Hirugarren eta azken finalaurreko saioa, berriz,abenduaren lehen egunean izango da Tolosako Usabal kiroldegian.

Saioaren irabazlea izango da zuzenean sailkatuko den parte-hartzaile bakarra, eta gainontzekoek eskuratutako puntuazioaren arabera jakingo dute ea Gipuzkoako Txapelketaren finalean sartzea lortu duten.

Birpentsatu beharreko mundua

Miren Artetxe Lasarte-Oriako bertsolari eta ikerlariarekin elkarlanean, “Bertsolaritza feminismotik (bir)pentsatzen” ikerketa liburua argitaratu zuen Ane Labakak urriaren 22an, Udako Euskal Unibertsitatearen eskutik. Liburu honen helburua, besteak beste, ikuspuntu feminista batetik bertsolaritzaren mundua ikertzeko materiala eskaintzea da, antzinako kultura espresio tradizional honen nolakotasunez ohartu eta etorkizuneko eraldaketa baterako pausuak emateko.