Albizuri Handi Txapelketan aritu dira Euskal Herriko hainbat harrijasotzaile, Amezketako Larrunarri pilotalekuan. Duela lau urte jokatu zuten azkenekoz proba hori. Erronka, honakoa: 166 kiloko harri irregular bat ahalik eta gehienetan altxatzea, hamar minutuan. Zortzi kirolarik parte harte hartu dute aurten. Horietako bat izan da Beñat Telleria Telleria IV herritarra. Oso ongi aritu da, harri hori zazpi aldiz jaso baitu hamar minutuan; minutu eta erdi jasoaldi bakoitzeko, batez beste. Txapela zarauztar batek jantzi du, Jokin Eizmendik –Euskal Herriko egungo txapelduna da–, hamaika altxaldi eginez. Inoizko hirugarren marka onena izan da hori –Goenatxo II.ak hamabost egin zituen 1990ean; Perurenak, berriz, hamahiru, 1977. urtean–. Bigarren postua Xabier Peñagarikano Peña-k lortu du, zortzi jasoaldirekin.
Lepo bete zen Larrunarri frontoia larunbatean. Zale askok uste zutenaren kontrara, Aimar Irigoien errezildarra ez zen batere fin aritu, eta ez zuen lortu Albizuri Handi harria behin ere altxatzea. Gainontzeko parte-hartzaileen emaitzak, hauek: Aimar Galarragak, bost altxaldi; Imanol Illarramendi Kortaberri-k, lau; Gorka Etxeberriak, hiru; eta Josu Urbietak, Irigoienek bezala, bakar bat ere ez.
Anaiaren urratsak jarraitzen
Telleriatarrek ongi ezagutzen dute Albizuri Handi txapelketa. Beñaten anaia Urtzik aurreko bi edizioak jokatu zituen, 2010ean eta 2015ean. Irabazi egin zuen azken hori, gainera; 166 kiloko harri irregularra sei bider altxa zuen. Aimar Irigoienek beste sei jasoaldi egin zituen, baina Telleriak gutxiago pisatzen zuenez –82 kilo–, hark jantzi zuen txapel preziatua.
Berezia da Albizuri Handi Txapelketa. Probaren egunera arte, harrijasotzaileek ezin dute harekin entrenatu, ezta ukitu ere. Amezketako kondairek diotenez, XIX. mendean berdindu zuten aurrenekoz harri hori: Jose Mari Zuriarrainek altxa omen zuen 1875ean, nahiz eta inork balentria horri buruz idatzirik ez utzi. 1947an antolatu zuten aurrenekoz txapelketa: Santos Iriarte Errekartetxo izan zen harria sorbalda gainera igotzea lortu zuen bakarra.