Iruñako udal gobernuak joan den ostegunean Pirritx, Porrotx eta Marimotosen emanaldi berria debekatu zuen kontratazioa "irregularra" zela esanaz.
Azaroaren 29an Iruñako Baluarten "Bizi dantza" emanaldi berria eman behar zuten Pirritx, Porrotx eta Marimototsek, baina Iruñako udal gobernuak debekatu egin du. Albisteak asaldura eragin zuen sare sozialetan, eta euskal pailazoen aldeko mezu ugari zabaldu ziren.
Navarra Sumaren erabakiari erantzuteko, hiru pailazoek prentsaurrekoa egin zuten Iruñako Katakrak liburudendan, eta Iruñerriko haurrek "bai edo bai" ikuskizunaz gozatu ahal izango dutela baieztatu dute.
Kontratua formalizatu bitartean debekua kentzea eskatu zion pailazo taldeak udalari, baina ez dute erantzunik jaso. Nafarroako Arartekoaren azken txostenean Enrique Maya Iruñako alkateari debekua kentzea eskatzen dio, onuradunak haurrak direla argudiatuz. Bestalde, kontratua irregularra izatearen errua udalarena dela azpimarratu du, eta ez ikuskizuna emango dutenena. Iñigo Sancho abokatuak onartu du gertaera honi buruz informatzea atzeratu egin dutela "hauteskunde garaian giro politikoa ez asaldatzeko".
Erantzun alaia
Pirritx, Porrotx eta Marimototsek gertaera hau argi eta garbi "zentsura" dela esan dute, eta horren aurrean haiek alai eta dantzan jarraituko dutela adierazi dute. Hori irudikatzeko, prentsaurreko alaia egin dute pailazoek Iñigo Sancho eta Olentzero eta Maridomingirekin batera.