Banderak, herria morez janzteko

Txintxarri Aldizkaria 2019ko azaroaren 19a

Udaleko Berdintasun batzordeak eta Emakumeen Zentro Zibikoak 'Errespetuz jokatu' izeneko kanpaina abiatu dute, azaroaren 25eko ekintzen harira. Banderak banatuko dituzte, herritarrek euren leiho eta balkoietan jar ditzaten, herria morez janzteko.

Emakumeen Zentro Zibikoan jaso ditzakete bandera horiek lasarteoriatarrek. Horrez gain, udalak hainbat banatuko ditu datorren asteko astelehenean, azaroak 25. Elkarretaratzea egingo dute Okendo plazan, 12:00etan. Berdintasun batzordea eta zentro zibikoa elkarrekin ari dira lanean, "sexuen arteko berdintasunaren alde".

Adierazi dute Errespetuz jokatu leloa aukeratu dutela aurten, "indarkeria matxistaren aurkako kultura sortzeko". Azpimarratu dute "gero eta agerikoagoa" dela emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren ikuspegia, baina oraindik "beharrezkoa" dela hainbat kontzeptu barneratzea. Esate baterako, hau: Eskubidea=Errespetua=Askatasuna.