Akordeoiarekin oso bestelako musika jo daitekeela erakutsi dute Duo Habanera eta Iberotango taldeek gaur arratsaldean Manuel Lekuona kultur etxean. 19:00etan hasitako XVI. Akordeoi Jaialdian , bikoteak operaren munduan murgildu ditu entzuleak, Bizeten Carmen edo Txaikovskiren Eugenio Oneguin ekarrita. Laukoteak berriz, Buenos Aireseko giroa ekarri du agertokira. Batzuek zein besteek emaldi atsegina sortu dute ikusleen gozamenerako.
Marc Grauwels eta Christophe Delportek ia hiru ordu laurden aritu dira. Bikotea tango argentinarrarekiko eta Astor Piazzollarekiko zaletasunak batu zuen, baina gaurkoan tangoa emanaldiaren bigarren zatiaren protagonista izan da. Duo Habanerak Bizet, Chopin, Rossini edo Txaikovskiren operetan oinarritutako fantasiekin osatu dute errepertorioa, Piazzolaren Hommage à Liège-ren bertsio batekin batera. Alboko txirula eta akordeoia jotzen duten bi musikarien behatzetatik atera dira doinu horiek guztiak, azkar edo mantso, piezak eskatzen zuenaren arabera, modu adierazkorrean beti, ageriko pasioz.
Bigarren zatiaren aurretik musikaren garrantziaren inguruko gogoeta proposatu du aurkezleak. Izan ere, askoren bizitzako bidaidea baita: haurtzaroko ikasbidea, zaletasuna, soinu banda eta hainbatentzat ogibidea da. Hala, Santa Zezilia, musikarien patroia, hilaren 22an dela-eta gogora ekarrita, eskerrak eman dizkie besteen bizitza alaitzeagatik.
Jarraian, Iberotango laukoteak hartu du agertokia. Pianoa, kontrabaxua, biolina eta akordeoiak osatzen dute. Taldea Zaragozakotik etorri bada ere, saioaren protagonista zen instrumentua, akordeoia, Ander Telleria donostiarrak jotzen du. Hamar tango eskaini dituzte, Gardelen Volver edo Piazzolaren Por una cabeza nahasezinak bezalako betikoak berriagoekin elkartuta. Horietako askotan gainera, Pilar Ezquerrak eta José Antonio Gómezek dantzatu dute, txalo zaparradak jasota musika isildu den bakoitzean.
Itxiera gisa, musikari guztiek elkarrekin jo dute pieza bat, dantzariek lagunduta.