Adostasunen eta desadostasunen arratsaldea, astelehenean, udalbatzar aretoan

Maddi Zaldua 2019ko aza. 15a, 16:31

Gai zerrendan zehaztutako puntuak landu ostean, Landaberri Ikastetxeko ordezkariek hartu dute hitza; ikastetxean dituzten arazoari errotik eusteko eskaera egitearekin batera, irtenbideak behar dituztela azpimarratu dute, beste behin

Astelehen arratsaldean bildu dira, udalbatzarrean, udal gorbernua osatzen duten alderdi guztiak, eta normalean baino beteago aurkitu dute udalbatzar aretoa. Betiko aurpegi ezagunek ez dute hutsik egin, baino ezohikoak diren herritar ugari bildu dira udaletxeko hitzorduan. Kamiseta moreekin jantzitako emakume talde batek deitu du arreta berezia; Atsobakar zahar egoitzako langileak dira. 118 greba egun baino gehiago egin dituzte dagoeneko, eta ELA sindikatuarekin batera aurkeztutako mozio batean, bizitzen ari diren egoeraren berri ematearekin batera, hainbat eskari egin dizkiote udalbatzari.

Langileekiko elkartasuna eskatu dute lehenik. Horrekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiari, ahalik eta denbora laburrenean, arazoari heldu diezaion eskatu diezaiola udalbatzarrak, eta, azkenik, Gipuzkoako farmazeutiko banatzaileek zahar egoitzako egoiliarrek jaso ez duten zerbitzuaren zatia bueltatzeko eskaera egitea. EH Bildu eta Elkarrekin Lasarte-Oria Puede alderdiaren babesarekin eta PSOE-EEren eta EAJren abstentzioarekin aurrera egin du. 

Horrekin batera, bestelako bost gai ere eztabaidatu dituzte. Bi proposamen aho batez onartu dituzte: Basaundi Bailarako bizitegi eraikinak birgaitzeko jabeen erkidegoei banakako ebaluazio araubidean diru laguntzak emateko oinarri espezifikoak onartu dituzte, eta baita Kultura eta Hezkuntza batzordearen ohiko bilerak aldatzea ere. Hemendik aurrera  hilabeteko lehen asteartetan izango  dira, 09:30ean.

Horren ostean, Elkarrekin Lasarte-Oria Puederen mozioak hartu du lekua, eta nahiko nahasmen sortu du gainera. Joko eta apustu etxeen hedapenari mugak jartzeko mozio bat ekarri du mahai gainera David Aresen alderdiak, baina plenoa hasteko minutu gutxi falta zirenean, adostasun batera iritsi dira EAJrekin –eta hasiera batean baita PSOE-EErekin ere, baina udalbatzarrean  akordiotik kanpo geratu da–, eta elkarrekin mozio transakzional bat aurkeztea erabaki dute. Horren bitartez, Lasarte-Orian joko eta apustuen ikus-entzunezko publizitatearen hedapena eta apustu kuotak mugatzea; ludopatiaren aurkako sentsibilizazio kanpainak martxan jartzea; herriko joko eta kirol apustuen egoera zein den jakiteko azterketa bat egitea; eta ludopatiaren prebentzioaren  errehabilitazio zentroek egiten dituzten programak aurrekontuen bidez babesteko eskaera egin diote Lasarte-Oriako Udalari. EH Bilduk aldeko bozkekin babestu du mozioa, eta bederatzi botorekin onartua geratu da.

Horrez gain, atzerritarrei auzotartasun dokumentua ezartzeko eskaera egiteko bigarren mozio bat ere aurkeztu dute. EH Bildu eta EAJ alderdiak abstenitu egin dira, eta horien bozkekin lortu dute aurrera ateratzea.

Amaitzeko, EAJk ere eskaera bat egin dio PSE-EEri mozio baten bitartez; legealdi plan bat eskatu dio. Horrela, lau hilabeteko epean, zirriborroa aurkezteko eskatzearekin batera, horretan oposizioari parte hartzeko aukera emateko eskaera ere luzatu dute, eta zirriborroko eta horko ekarpenak negoziatu ondoren, osoko bilkurara eramatea, eztabaidatzea eta bozkatu ahal izatea galdegin du EAJk. Horren alde egin dute EH Bilduk, baina zenbait zalantzekin egin du aurrera. Gogorarazi diote EAJri, PSOE-EErekin egindako inbestidura akordioari esker iritsi zela PSOE-EEko lehen hautagaia alkatetzeara. Horrela, akordio horretan legealdirako adostasunik zehaztu ote zuten ere galdegin dute. EAJko ordezkari Boris Nogalesek erantzun du, alkatea izendatzeko bozketan abstenitu egin zirela, eta garai haietan, ez zutela inolako akordio programarik itxi: "egonkortasunerako tokiko akordio bat baino ez genuen hitzartu". 

Horrekin batera, legealdi plan bat baino gehiago, 10 edo 15 urterako plan estrategiko baten beharra ikusten du EH Bilduk: "gure herriak dituen erronken tamainako erantzuna behar baitute, adibidez, erraustegiak eragingo dituen kalteak, merkatal gune handien eraikuntzak...". Elkarrekin Lasarte-Oria Puedek ere alde egin du, eta bederatzi bozkekin babestuta geratu da. 

Galdera eta erreguak

Betiko lez, ohiko udalbatzarrari amaiera eman aurretik, galdera eta erreguen tartea zabaldu dute. Aretoan bildutako herritarrei hitza eman aurretik, alderdietako kideek egin dituzte galdera, eta berriak ez diren zenbait gairen inguruan galdetu dute EH Bilduk eta EAJk. Udal musika eskolako gorabeherak jarri dituzte mahai gainean, eta horrekin batera, baita Landaberri ikastetxeko arazoak ere. Azken hortaz hitz egin dute ikastetzeko ordezkariek. Arazoari errotik heldu eta irtenbideak emateko eskatu diete udal ordezkariei.