Erregional Gorenak Astigarragako Mundarrori 3-1 irabazi dio

Txintxarri Aldizkaria 2019ko aza. 15a, 10:30
Erregional Gorenak hiru puntuak eskuratu zituen.

'Pitu' Rodriguezen taldea txapelketako bigarren postuan da, hemezortzi punturekin, bederatzi partida jokatuta. Ohorezko Erregionalak bana berdindu zuen eta taularen erdialdean dago. Bestalde, Iraia Iparragirrek eta Real Sociedadek bat egin dute Iberdrola Ligako taldeen mugagabeko grebarekin

Ostadar SKTko erregional taldeek  puntuak lortu zituzten azken jardunaldiko norgehiagoketan.

Ohorezko Erregional mailako taldeak puntu bakarra lortu zuen Ordizian; Erregionalen Gorengoak, berriz, hiru puntuak etxean geratzea lortu zuen.

Astigarragako Mundarro izan zuen aurrez aurre Raul Pitu Rodriguezen taldeak. Erritmo handiko hasiera izan zuen partidak. Astigarragako Mundarrok baloia batetik bestera mugitu zuen aukerak sortu nahian, baina urdin-beltzek erasoak gelditzen jakin zuten. Eta baloiaren jabetza berdindu zen. Bi taldeak iritsi arerioaren atea bilatzen zuten, baina Ostadar izan zen lehena aurreratzen, korner bati esker. Mundarrok ez zuen amore eman eta lehen zatia banako berdinketarekin amaitu zen.

Akatsak zuzentzen jakin zuen Ostadarrek bigarren zatian eta Mundarrori gola egiteko aukerak gutxitu zitzaizkion. Baloia ongi mugituz, bezte bi gol egin zituen etxeko taldeak eta 3-1 gailendu zen Astigarragako taldeari.

Garaipen horri esker, hemezortzi puntu ditu Erregionalen Gorenak eta sailkapeneko bigarren postuan da, Dunboa Eguzki taldearekin berdinduta. Rodriguezek ez dio garrantzia handirik ematen bigarren postuari. "Partidaz partida joango gara ikusten taldearen ibilbidea zein den. Talde guztiak gaude puntu gutxitara eta ezin da jakin nola amaituko dugun".

Aste honetan Roteta izango da haien arerioa. Donostiako taldeak hiru puntu gutxiago ditu sailkapenean, eta, horregatik, partida zaila aurreikusten du Rodriguezek. "Hiru puntura ditugu. Etxean puntuak lortu nahiko dituzte eta gu bigarrenak izanik, ziur partida hasieratik gogoz arituko direla. Guk haien jokoari aurre egiteko prest egon beharko dugu".

Puntu bat

Puntuz puntu sailkapen erdialdean lekua egiten ari da Ostadarreko Ohorezko Erregionala. Lehengo larunbatean, Goierri Gorri taldearekin bana berdindu zuten urdin-beltzek. 

Partida zaila aurreikusi zuen Nekane Quiñones entrenatzaileak. "Nahiz eta Goierri Gorri sailkapenean azpitik egon, ezin ginen fio. Kanpoan jolastu behar genuen eta ez zen partida erraza izango".

Zailtasunak izan zituzten bi taldeek lehen zatian baloiaren jabetza izateko. "Eguna kaxkarra zen. Ezin genuen baloia nahi genuen bezala mugitu. Ezin genuen eroso jokatu". Ondorioz husnako berdinketarekin iritsi ziren atsedenaldira.

Bigarren zatian, lehen hogei minutuetan, indartsuago jokatzea zen urdin-beltzen asmoa. "Hegaletik baloia eraman eta bertikalki baloia jolasteko hautua egin nuen. Atzean ahalik eta akatsik gutxiena izanik".

Joko horren ondorioz, Ostadarren gola etorri zen. "Pase bat atzera joan zen eta hortaz baliatuz, gola sartu genuen".

Quiñonesen taldeak, ordea, ezin izan zuen atea hutsean mantendu. "Kontra baten ondoren berdinketako gola egin zuen Goierri Gorrik. Pena da garaipean lortu ez izana. Puntuak kanpoan lortzea oso garrantzitsua da eta oraingoz horretan larri gabiltza".

11 punturekin taularen erdialdean da taldea, zortzigarren postuan, hain zuzen ere. Hala ere, gora begira dago Nekane Quiñonesek zuzendutako taldea. "Helburua ikasi eta gora egitea da. Txapelketako lehen zatian talde indartsuak izan ditugu aurrez aurre, orain Zumaia, Urnieta edo Touringen txanda izango da. Partida horien ostean, ikusiko da gure lekua zein den".

Hain zuzen ere, Zumaiako izango da aste honetako arerioa, Michelingo kirol gunean. "Gure azpitik daude, baina ezin gara erlaxatu".

Hiru puntuak etxean geratze aldera, lehengo asteko akatsak landu dituzte astean zehar. "Jokaldi amaierak landu ditugu, batez ere, ate aurrean ez baikara eraginkorrak. Jokalariak ongi ari dira lanean. Motibazio handia dute eta esfortzu handia egiten ari dira".

Etxean jokatzea ere motibazio berezia dela uste du Quiñonesek. "Etxean kasta ateratzen dugu. Gogotsu ateratzen dira zelaira. Erosoago eta motibatuago jolasten dute".

Greba Iberdrola Ligan

Lurraldeko txapelketak aurrera darrai, baina Iberdrola Ligak etena izango du. Ligako jokalariek mugagabeko greba hasiko dute aste honetan eta Real Sociedad taldeko jokalariek, Iraia Iparragirre herritarra haien artean, bat egin dute.

Urriaren 22an, hamasei taldeetako ordezkariak bildu ziren Madrilen AFE futbolarien sindikatuak deituta. Bertan ziren Realeko jokalariak. Negoziaketen berri eman eta grebara joan edo ez bozkatu zuten. %93ak greba egitea adostu zuen.

2018ko azaroaren 8an lan hitzarmena negoziatzeko mahaia eratu zen. Kluben elkarteak  –Athletic, Bartzelona eta Tacon izan ezik klub guztiak ordezkatzen ditu– eta futbolarien sindikatuek –AFE, FutbolON eta UGT– urtebete daramate hitzarmeneko puntu ezberdinak aztertzen. Hainbat ontzat hartu ditu kluben elkarteak, gutxieneko soldata gordina urtean 16.000 eurokoa izatea, esate baterako.

Gainditu ezineko koska lanaldiaren iraupenean dago. Futbolariek gutxienez %75ekoa izatea nahi dute; kluben elkarteak, aldiz, jardunaldi erdikoa. 

Egoera desblokeatu nahian, astelehenean bilera berria egin zuen mahaiak, Espainiako Kirol Kontseilu Nagusiko ordezkariekin batera. Baina alde bakoitzak bereari eutsi eta akordioa ez da gauzatu. Hurrengo asteetarako ere ez dute bilerarik adostu. Mugagabeko grebak aurrera darrai, beraz.