Gil eta Salazar izan dira herritar azkarrenak Behobia-Donostian

Txintxarri Aldizkaria 2019ko aza. 15a, 09:30
Arg.: Isaac Farré Rico

Nahiz eta eguraldia kaskarra izan, biek hobetu zituzten euren markak. Orain, Gilek Donostiako maratoi erdia du buruan

Chakib Lachgar eta Gema Marchina izan ziren 55. Behobia-Donostiako helmugan lehenak. Baina ez ziren mendeurreneko lasterketako garaile bakarrak izan, 26.800 irabazle izan baitziren Donostiako helmugara iritsi zirenak. 

Zalantzarik gabe eguraldia izan zen protagonista. Euria, txingorra, haizea eta hotza. Baina Behobia-Donostia ez da nolanahiko lasterketa eta 27.070 korrikalari bildu ziren Behobiako irteeran. 265 pertsonek lasterketa utzi behar izan zuten, eta, helmuga igaro ostean, 1422 deskalifikatu zituzten.
Lasarte-Oriako 180 herritarrek izena emana bazuten ere, 151 korrikalarik igaro zuten Bulebarreko helmuga. Guztien artean, Gorka Gil eta Maite Salazar izan ziren azkarrenak. Lehenak 1.08.57ko denbora egin zuen; Salazarrek, berriz, 1.27.46 behar izan zuen helmugara iristeko.

Gorka Gilek oso pozik amaitu zuen Behobia-Donostia lasterketa. Bosgarren aldia du herritarrak lasterketa herrikoian eta denetatik onena izan da beretzat. Bere marka onena ia bost minututan jaitsi du.

"Nire helburua parte-hartze guztietan dortsal horia zen. Baina aurreko saiakeretan ez nuen nire burua prest ikusten. Oraingoan ongi prestatu eta lortu dut", azaldu du herritarrak.

Behobia-Donostia prestatzeko ez du atsedenik hartu Gilek. "Ez dut entrenamendu berezirik egin. Astebururo lasterketaren batean parte hartu dut. Luzeena, Donostiako klasika izan da, hamabost kilometrotakoa. Lasterketarik ez badago, aspertu egiten naiz. Entrenatzea ongi dago, baina lehia nahiago dut. Oso argi daukat. Lasterketa da entrenamendu onena".

Arg.: Txema Valles

Lagun baten laguntza
Raul Gomez Margallo herritarrak lagundu zion lasterketa egunean. "Raulek asko lagundu dit. Animo asko eman zizkidan Behobia prestatzeko. Bidean zehar ere elkarri animoak ematen joan ginen. Kontuan izan behar da, Raulek ez zuela Behobia egin nahi. Nik egin behar nuenez, berak ere parte hartzea erabaki zuen. Baina ez dut uste berriro engainatuko dudanik".

Lasterketako hogei kilometroak elkarrekin egin zituzten, kilometro batzuk izan ezik. "Beroketan Rauli esan nion, 'gaur nire eguna da', eta erritmo bizkorra jarri genuen. Kaputxinosen lokarria askatu zitzaion Rauli eta geratu behar izan zuen. Arazoak izan zituen hotzarengatik berriro lotzeko eta ni aurreratu nintzen. Baina harrapatu ninduen".

Izan ere, Ategorrietako gaineko aldapan estualdia izan zuen. "Igoerak amaiezina zirudien. Momentu gogorrena izan zen. Raulek orduan egin zuen nirekin bat, eta tartetxo bat ere ireki zuen. Baina jaitsieran berriro erritmoa hartu eta harrapatu nuen". 

Amaierarako ere indarrak gorde zituen. Azken metroetan bi herritarrek esprinta lehiatu eta Gil gailendu zen. "Bigarrenez irabazi dut Raul esprintean. Hori ez da ohikoa izaten", onartu du barre artean.

Ez du uste hurrengo urteko Behobia egingo duenik, baina hilabete batzuk ditu aurretik pentsatzeko. Orain, azaroaren 24an, igandez, jokatuko den Donostiako Maratoi erdia du jomuga. "01.15.00 edo 01.14.00 egin egin nahi dut Maratoi erdian. Baina ikusiko dugu, Behobia-Donostiako lanak eragin baitezake lasterketan". 

Lesioa udan

Udako lesio batek Maite Salazarren Behobia-Donostiako parte-hartzea kolokan jarri zuen. "Udan kolpe bat hartu nuen belaunean eta horrek lasterketako prestaketak atzeratu zituen. Horregatik, entrenamenduak hasi nituenean, helburua lasterketarako prest egotea zen".

Ongi lortu du gainera, iaz egindako denbora –01.29.30– ia bi minutuan ondu du. Pozik dago horregatik herritarra. 

Lasterketa hasi eta sentsazio onak izan zituen Salazarrek. "Hasieratik ongi atera nintzen eta 15. kilometroan, 01.30.00 banderadun erbia gertu nuen. Atzetik nindoan, baina indarrez nengoela ikusita aurrea hartu eta nire kabuz egin nituen gainerako kilometroak".

Eguraldia ez zen oztopo izan Maiterentzat. "Niretzako eguraldi aproposa zen. Hotza egitea gustuko dut. Haizearekin, ordea, asko sufritu nuen. Kursaaleko zuzengunean haize handia zegoen. Lasterketako tarte horretan, indarrez justu zoaz eta kontra egin behar diozu. Helmuga ere gertu duzu, azken ahaleginak egin behar dituzu. Ez da erraza".

Salazarrek ez du lasterketarik buruan, baina urtea amaitu baino lehen lasterketa herrikoien baten parte hartu nahiko luke.