Donostian eta Eibarren erreibindikatuko dituzte pentsio publiko duinak

Maddi Zaldua 2019ko aza. 15a, 12:00

Larunbaterako deialdia Donostiako Alderdi Ederreko lorategietatik abiatuko da, 17:00etan. Mobilizazioarekin bat egiteko eskatu dute Lasarte-Oriako pentsionistek

Lasarte-Oriako pentsionistak ez dira nekatuko. Espainiako gainerako pentsionisten borrokarekin batera, bi urte igaro dira mobilizazioak hasi zituztenetik, baina egoerak hobetu bitartean, ez dute borrokarekin amaituko. 

Horrela, larunbatean, Donostian eta Eibarren deituta dauden mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu diete herritarrei. Ez, ordea, pentsionistei bakarrik. Adin guztietako herritarrak biltzea nahi dute: "Gizarte osoari dagokion auzi bat da, bereziki emakumeei eragiten diena".

Gai berari salaketa asko
Espainiako Gobernuak neurriak hartzen ez dituen bitartean, orain arteko salaketekin jarraituko dute. "Haserre" daude egoera sortzen ari den ezinegonarekin, eta argi azaldu dute ez dutela onartuko %0,25eko errebalorizazio legea, ezta %0,90ko igoera ere. Azaldu dute, haserre gehien eragiten diela Espainiako Gobernuak pentsio publiko duinen lege proposamenik mahai gainean jarri ez izanak:  "Arduragabekeriaz jokatzen ari dira, Gizarte Segurantzaren defizitari aurre hartzeko jarreran".

Horrela, Diputatuen Kongresuak onartutako pentsio publikoen lege bat exijituko diote Espainiako Gobernuari; horren bitartez, pentsioak, gutxienez, KPIaren arabera eguneratuak izan daitezela bermatu nahi dute.  
Guzti horrekin batera,   gutxiengo pentsioa 1.080 eurokoa izatea ere galdegingo dute.