Bizitzari ekin dio, bidea amaitu duen une berean

Maddi Zaldua 2019ko aza. 15a, 11:00

Uda sasoian hasi zuen erromesaldia, eta Galiziako negu giroari aurre eginez iritsi da Santiago de Compostelara. Bi oinetako pare urratuta, hirugarrenak jantzita bueltatu da Lasarte-Oriara, 82 egunez, 3000 kilometrotatik gorako bidea egin eta gero

Duela hamasei urte, ez zekien Yon Pavonek (Lasarte-Oria, 1983) Erromatik Santiago de Compostelara oinez joateko biderik bazenik. Orduan egin zuen lehen aldiz Donejakue Bidea, Orreagatik abiatuta, eta Lizarran, Erromatik zetorren erromes batekin egin zuen topo. Haren esperientziaren berri jaso, eta aurten animatu da abentura bizitzera. Abuztuaren 26an abiatu zen Erromatik, eta astelehen honetan iritsi da Galiziako hiriburura. Erlijiotik harago, esperientzia pertsonal bat bizitzera abiatu zen.

Aitari eman zion, lehenengoz, asmoaren berri. Hark, ia hiru hilabetez etxetik kanpo ibiltzeko aukerarik ote zuen galdetuta, Pavonek baiezkoa erantzun zion eta lehen unetik babestu zuen semea. Ingurukoek ere animatu egin zuten senide eta laguna, baina aurkako iritziren bat edo beste ere entzun behar izan zuela baieztatu du. “Tabernan, asmo txarrik gabe, apustu asko egin dituzte bezeroek, eta gehienak ez zuten Santiagora iritsiko nintzenaren aldeko apusturik egin”. Pavonek, ordea, argi izan du helburua beti: “Hasi eta bukatu egin behar nuen bidea, Santiagora iritsi behar nuen”.  

Horrela, indarrak batu, oinetako egokiak jantzi, motxila bizkarreratu, eta Santanderreko aireportutik Erromarako hegazkina hartuta hasi zuen abentura. Batikanoan egin zuen lehen geldialdia; erromesaldirako ezinbesteko kredentzialak jaso, eta Santiago de Compostelara abiatu zen. Orain, 82 egun eta gero, eta 3.170km. ibili ostean, bete du ametsa. 

Egunerorako errutina bat zehaztu, eta, Italiatik abiatuta, kostako bideari jarraitu dio, hasieran, lasarteoriatarrak. Horrela, –beste zenbait herri eta hiri igaro eta gero–, Italia iparraldean dagoen Genova hiritik pasa, Monakora iritsi, eta, bertatik, Frantziako hego-ekialdera joan da. Hori atzean utzi ostean, Nizatik pasa eta Tolosako (Frantzia) bidearekin bat eginez, Arlesera iritsi da. “Bide horrek, pirinioen bitartez, Oloron Saint Marirekin bat egiten du, eta hortik, Donibane Garazira iritsi naiz”.

Uda bete-betean hasi zuen Pavonek Donejakue Bidea, baina azken hilabetean, batez ere, neguko eguraldiari egin behar izan dio aurre. Horrela, eguraldiaren arabera antolatu ditu eguneroko etapak. Uda sasoian, goizeko 05:30ak aldera hasten zuen bidea, eguzkiaren ordu gogorrenak ekiditeko, eta  neguan, aldiz, goizeko 07:00ak eta 08:00ak bitarte hasi du eguneroko ibilaldia: "Udako tenperatura altuak elizetako freskotasunarekin arindu ditut, eta, neguko denboraleak tokatu direnean, berriz, tabernetan babestu naiz". 

Momentu zailak
Gogotsu aritu da, baina espero baino esperientzia "gogorragoa" izan da, batez ere, Frantzian bizitakoa. “Ez nekien Frantzian Donejakue Bidea behar bezala markatu gabe zegoenik, eta estualdi une asko bizitzea egokitu zait”. 

Frantsesek ere ez diote egoera samurtzen gehiegi lagundu, eta zenbait momentutan, larri egin dio aurre bideari:”Frantziako bidean igarotako herrixkak hain ziren txikiak, non, ez zegoen dendarik, ez lotarako lekurik ezta dirua ateratzeko banketxerik ere. Egun batean atun lata batekin eta litro bat urekin egin behar izan nituen 42 kilometro”. 

Momentu zail horietan, indar guztiak galtzeko zorian egon zen Pavon: "Dena bertan behera utzi, eta etxera bueltatzeko ideia buruan bueltaka izan nuen". Aurrera jarraitzeko indarrak, ordea, ez zitzaizkion guztiz agortu, eta laguntza eskatzea erabaki zuen. Horretarako, momentuko herriko elizako atea jo, eta bertako apaizari eman zion bere egoeraren berri. Elizgizonak harrera egin ostean, eta atzerriko hizkuntzekin elkar ulertzeko zailtasunak gaindituta, elizaren etxe bateko logelan ostatu hartu zuen. 

Momentu zail horietan, familiaren eta lagunen indarra ere "ezinbestekoa" izan dela nabarmendu du: "Asko eskertu dut gertukoen babesa, lasarteoriatarrak ere animo asko bidali dizkidate sare sozialen bidez, asko eskertzen diet". 

Zorionez ,ordea, ez ditu Frantziakoa bezalako muturreko egoera gehiegi bizi behar izan. Azaldu du, Lasarte-Oriatik atera zen unean oso argi zuela bidean aritu bitartean, ez ziola inori ezer –dirua, jatekoa, e.a.– eskatuko, eta momentu oso zailetan ezinezkoa izan bazaio ere, ahalik eta zuhurren saiatu da ahalegin horretan.

Erlijio kutsurik ez dio eman bere bideari, baina unean uneko lekuek eskainitakoaren arabera, elizak, eta santutegiren bat edo beste ere bisitatu du: "Ez nago erlijioari lotuta, baina bidean, magia berezi bat sentitu daiteke".

Bisita hunkigarriak
Bakardadearen sentimendua oso presente izan du une batean baino gehiagotan. Frantzian, esaterako, 29 egunez bakar-bakarrik egin zuen bidea, ez zuen inor topatu: "Bidea egin nuen aurreko aldian, ez nintzen inoiz hainbeste egunez bakarrik aritu”.

Baina bakardade hori goxatu duten uneak ere izan ditu bidaiak. Hainbeste egun, ordu eta kilometro gertukoengandik urrun ibili ostean, bisita "polit" bat baino gehiago izan ditu Pavonek. "Tolosan (Frantzian), pertsona oso berezi batekin egin nuen topo, eta Iruñara iritsi nintzenean, gurasoak eta lagun minak etorri ziren ni ikustera; oso momentu hunkigarriak izan ziren horiek". 

Lehen egunetik, ordea, izan du hutsik egin ez dion bidelagun leial bat: motxila. Biderako behar zituen gauzekin bete zuen Lasarte-Orian, eta horrelaxe mantendu du Santiago de Compostelara iritsi arte. Egunero saiatu da gehienez, bederatzi kiloko pisuan mantentzen, inoiz ez hori baino gehiago. "Nire bizitza eraman dut bizkarrekoan, eta bidean nengoen bitartean hori izan denez nire ondasun bakarra, behar bezala zaindu dut". 

Motxila hainbeste orduz eta egunez bizkar gainean eramateak, ordea, ondorio batzuk izan zitzakeela bazekien Pavonek, eta edozein motatako minak saihesteko, gorputzaren zaintzari ere arreta berezia jarri dio.

Prestaketarik ez
Bi hilabete eta erdiz erromes bidea egiteko aparteko aurreprestaketarik egin gabe abiatu zen, abuztuan. Egunero joan ohi da kiroldegira ordubeteko saio bat egitera, baina horrez gain, ez da bidea egiteko prestatu. Hori bai, eguneko etapari ekin aurretik, 30 minutuko estiramendu saioak egin ditu beti, eta etapak amaitu ostean ere, abdominalak egiten aritu da, lunbarrak sendotu  eta motxilaren pisuarekin gerta zitezkeen lesioak saihesteko. Esfortzu hori guztia ez da alferrikakoa izan; minik hartu gabe hasi eta bukatu ditu 3.170 kilometroak. 

Hanketan, ordea, izan du ezustekorik. Oinetako egokiak aukeratuta, bidea hasi eta egun gutxitara, min hartu eta  Italiako fisioterapeuta batekin aritu beharra izan du. Hiru saio hartu eta ezin hobeto moldatu da orduz geroztik; ibilbide osoa hasi eta bukatzeko hiru oinetako pare behar izan dituen arren, aurrera egin du inolako minik gabe. 

Erronka handia izan da Pavonentzat 82 egunetako ibilbidea. Uste baino une latz gehiagori aurre hartu behar izan dio, baina indarrak eta gogoak gailendu direnez, lortu du hasierako helburua. Beti aurrera begiratuz.

Bere buruarekin egoteko denbora nahikoa izan du, eta hori ere baliatu du hausnarketarako. Konturatu da inguruan daukagunari behar duen balioa eman behar zaiola, eta norbere buruari ere denbora gehiago eskaini behar zaiola. 

Santiagora iristeko 100 km. falta zituela jartzen zuen bide-seinalea ikusi zuenean, "poz handia" sentitu bazuen ere, zeresanik ez Galiziako hiriburura iritsi zenean. "Erlaxatu egin naiz, egindako esfortzuarekin oso gustura, eta finkatutako helburuak beteta; ez dut gehiago behar".
Azken kilometroak izan dira erromesarentzat gogorrenak –eguraldi txarregiagatik–, Leonetik Santiagorako ibilbidea, baina hori ere gozatzen jakin du. Orain, Santiagora iritsi eta gero, neke eta esfortzu guztiak agortu ondoren, trenean itzuli da etxera. Bidean utzi ditu bi pare oinetako, eta hirugarrenak jantzita etorri da, baina ez horrekin bakarrik. Motxilak ere bederatzi kilo baino gehiagorekin egin du itzulerako bidea: 82 egunetako pilatutako bizipenekin  gainezka beteta. 

Abuztuan hasi zuen bidea amaitu du Lasarte-Oriako bizilagunak, baina horrekin batera, hutsik egin ezin dakioken  zerbaiti eman dio hasiera: bizitzari. Abentura eta gero, ziur beste modu batera bizi eta ikusiko dituela egunerokoak, eta ikasitakotik balioan jarriko dituela horiek. Bizitza, berriro, orain hasten baita, bidea amaitu den momentu berean.