Uzta ona Neguko Ligako bigarren jardunaldian

Txintxarri Aldizkaria 2019ko aza. 13a, 09:53
Lan ederra egiten ari dira Buruntzaldea IKTko igerilariak denboraldi hasieran. Argazkia: Buruntzaldea IKT.

Buruntzaldea IKTko igerilari infantil, junior eta absolutuek 22 marka pertsonal ondu dituzte asteburuan. Neguko Ligako bigarren jardunaldia jokatu dute Ordiziako Majori kiroldegian. Igeriketa egokitukoak ere ederki aritu dira: taldeko hiru errekor berri ezarri dituzte.

 

Uzta oparoa bildu dute Buruntzaldea IKTko igerilari infantil, junior eta absolutuek Ordizian, Neguko Ligako bigarren jardunaldian. 22 marka pertsonal ondu dituzte, eta igeriketa egokituko taldeko hiru errekor berri ezarri. Hiru kategoria horietako hemezortzi kirolari aritu ziren Majori kiroldegiko igerilekuan. "Gogotsu" lehiatu ziren guztiak, eta "maila oneko markak" egin, Borja Apeztegia prestatzailearen hitzetan. "Orain arte egindako lana barneratzea eta jorratutako bidea baloratzea ziren helburuak".

Igerilariek erakutsi dute astez aste hobetzen ari direla: 22 marka pertsonal hobetu dituzte bi asteko tartean –Lasarte-Orian jokatu zuten Neguko Ligako aurreneko jardunaldia, urriaren 26an–. Egindako marka horiekin, Gipuzkoako zein Euskal Herriko Txapelketetarako sailkapen berriak lortu zituzten igerilariek.

Izaro Audikana Neguko Euskal Herriko Txapelketara sailkatu da, 400 metro lau estiloak frogan. Distantzia horretan ere ederki aritu ziren Garazi Etxeberria, June Lopez eta Saioa Elola: Gipuzkoako udako zein neguko txapelketetarako txartelak lortu zituzten Ordizian. Nerea Irazu 100 m. librean egin zuen igeri, eta Gipuzkoako zein Euskal Herriko udako txapelketetan parte hartuko du. 

Taldeko errekor batzuk ere hautsi dituzte igerilariek. Nahia Zudairek, esate baterako, 200 libreko marka ondu zuen: 02.35,15ean geratu zuen erlojua. Nathalia E. Torresek beste bi errekor berri ezarri zituen hamalau urtez azpiko kategorian, 50 librean eta 50 tximeletan.