Bazkari multikulturalean izena emateko azken egunak

Txintxarri Aldizkaria 2019ko aza. 12a, 11:23
Iazko bazkari multikulturalean parte hartu zuten familiak eta udal ordezkariak.

Sasoeta ikastetxeko gimnasioa munduko hamaika herrialdetako zaporeen topagune bihurtuko da igande honetan: bazkari multikulturala antolatu du aurten ere Burunzpe guraso elkarteak. Azaroaren 15a da izena emateko azken eguna, ostirala.

Bapo bazkaltzeko aukera edukiko dute herritarrek igande honetan, azaroak 17, Sasoeta ikastetxeko gimnasioan. Burunzpe guraso elkarteak bazkari multikulturala antolatu du aurten ere. Plater dastatzea 13:00ean hasiko da; 15:30ean, berriz, jokoak egingo dituzte familiek; eta, bukatzeko, karaokea, 16:30ean. Haur zein helduentzako plana. Izena emateko azken eguna ostirala izango da, hilak 15.

Sasoeta ikastetxean munduko 21 herrialdetako familiak daude gaur egun. Elkar hobeto ezagutze aldera, guraso elkarteak hainbat urte daramatza hango eta hemengo familiak sukaldaritzaren bidez batzen. Parte-hartzaile bakoitzak plater bat eraman beharko du, sei pertsonarentzako. Hamar euroko diru-laguntza jasoko du trukean.  

Burunzpe guraso elkarteko kideek jakinarazi dute laguntza beharko dutela igandean, aulkiak eta mahaiak eramateko. Bazkaria bukatu ostean, jendea beharko dute baita ere dena jasotzeko eta garbitzeko. Interesa dutenek idatzi behar dute multikulturala@burunzpe.net helbide elektronikora.

Erlazionatuak

Bazkari multikulturala

Txintxarri Aldizkaria 2018 aza 25 Gizartea