Udazkeneko produktuak, plazara

Txintxarri Aldizkaria 2019ko aza. 12a, 09:30

Behemendi elkarteko eta udaleko ordezkariak azokaren aurkezpenean.

Larunbatean, baserriko produktuez beteko da Okendo plaza. 0km edo inguruko ekoizleek euren produktuak salduko dituzte Behemendi elkarteak antolatutako azokan

San Martin igaro da eta udazkeneko baratzeko produktuak, fruituak, esnekiak eta txerrikiak iristen dira azoketara. Lasarte-Oriak larunbatean izango du aukera goizeko 10:00etatik 14:00etara produktu horiek guztiak dastatu eta erosteko. Okendo plaza 0 km edo inguruko ekoizleen postuz beteko da 7. baratzeko produktuen azokan. 

Aukera zabala izango dute herritarrek Okendo plazan izango diren hamaika postuetan. Barazkiak, frutak, jatorrizko izendapeneko Idiazabal gazta, behi esnekiak, ahuntz gazta, txerrikiak, ahate haragia, pateak, Tolosako babarrunak, pastak edo ogia salduko dituzte, besteak beste. Aurten eskaintza zabalduko da eta udazkeneko landare eta loreek ere tartetxo bat izango dute. 

0kmko produktuak izango dira Lasarte-Oriako Telleria baserriko lagunen eskutik. Hazi ekologikoak eta Hernaniko Jauregi baserriko sagarrak ere erosi ahalko dituzte herritarrek.

Gurasoak erosketak egiten dituzten bitartean, haurrek egurrezko jokoetan jolastu ahalko dira. Eta musika ere izango da giro hotzari epeltasuna emateko.

Zazpigarren edizioa

Ohiko ekimena bihurtu da azoka herritarrek erantzun ederra eman dutelako  eta baserritarrak pozik daudela jakitera eman du Ainhoa Amundarain Behemendiko ordezkariak.

Ekimen honek produktuen zuzeneko salerosketa sustatzen duela azpimarratu du sozio-ekonomia arloko buru Nuria Fernandezek. Honez gain, eskerrak eman dizkio Behemendiri azoka antolatzeagatik.