Oposizioko alderdiekin "legealdi plan bat" adosteko eskatuko dio EAJk udal gobernuari udalbatzarrean

Txintxarri Aldizkaria 2019ko aza. 8a, 12:41
Udal korporazioa, iraileko ohiko saioan.

Lasarte-Oriako EAJk datorren asteko asteleheneko udalbatzarrean aurkeztuko duen mozioari buruz berri eman du: udal gobernuari galdegingo dio adostea legealdi plan bat oposizioko alderdiekin. "Hauteskunde programak ikusita, badaude alderdi desberdinen aldeko elkarguneak; lan egin dezagun akordio horietan".

Udal gobernuari proposamen bat egingo dio Lasarte-Oriako EAJk datorren asteleheneko ohiko udalbatzarrean, hilak 11: eskatuko dio "legealdi plan bat" adosteko oposizioko alderdiekin. Jon Antxordoki bozeramailearen iritziz, "elkarguneak" daude korporazioko alderdi desberdinen artean: "Maiatzeko hauteskundeetara aurkeztu genituen programak ikusi besterik ez dago". Nabarmendu du lasarteoriatarrek akordioak egitea galdegiten dietela politikariei. "Zer hoberik gure udalerriaren etorkizuna adostea baino; lan egin dezagun akordio horietan". 

Mozio hori legealdiaren hasieran aurkeztearen arrazoiak esplikatu ditu alderdi jeltzaleak: "Uste dugu garaiz gabiltzala Lasarte-Oriaren etorkizuneko erronkak identifikatzeko". Legealdi plana egitea aukera ona izan daiteke alderdi guztiek "ideiak, proposamenak eta helburuak" zehazteko, EAJren ustez.