2019/11/29 23:00etan

Ikus-entzunezkoa

Zinema-rock gaua: Lou dokumentala

Zinema-rock gaua: Lou dokumentala
Jalgi Kafe antzokia, Lasarte-Oria

Jalgi Kafe antzokiak zinema-rock gaua antolatu du. Lehen saio honetan, Lou, dantzan jo take, oinak lehertu arte dokumentala eskainiko dute. 

2012 urtean zendutako Lou Olangua abeslariaren bizitzan oinarritutako lana da. Olanguaren gertukoak ziren lagun eta musikarien hitzek eta garai hartako irudiek musikariaren bizitzaren barrena eramango dituzte ikusleak.

80ko hamarkadan Olangua euskal rockean lehen emakume abeslarietakoa izan zen. Humedecidos, OK Korral eta Las Lagartas taldeetako abeslaria zen. Punk, rock-and-rolla eta euskalbillya ziren taldeek jorratutako estiloak. Baina ahotsa baino askoz gehiago zen. Taula gainean, probokatzailea zen bai estetikarengatik, bai jarrerarengatik ere. 

Dokumentala Usua Garin, Andrea Lopetegi eta Izotz Barrio hirukoaren lehen lana da. Zarauzko Udaleko Daniel Txopitea bekari esker egin ahal izan dute. Aurtengo urtarrilean Dock of the Bay, Donostiako Musika Dokumentalen Jaialdian eskaini eta ikusleen saria jaso zuen.