"Bozka paper bat bera ere" etxean gera ez dadin

Txintxarri Aldizkaria 2019ko aza. 8a, 12:18
Bea Egizabalek bakarrizketa umoretsua eskaini du kanpaina ekitaldian.

Igandeko hauteskunde orokorren harira, Lasarte-Oriako EH Bilduk kanpaina ekitaldia egin du Okendo plazan. Eguraldi txarra tarteko, arkupeetan babestu behar izan dute, baina mezua berdin-berdin zabaldu dute lau haizetara: "EH Bilduren bozkekin bete behar ditugu hautetsontziak azaroaren 10ean".

Atzo arratsaldeko euri-jasa boto zaparrada bilakatu nahi du Lasarte-Oriako EH Bilduk azaroaren 10ean, igandea. Espainiako Kongresurako eta Senaturako bozak egingo dituzte egun horretan, sei hilabetean bigarren aldiz. Gobernua eratzeko akordiorik lortu ez dutenez alderdiek, errepikatu egingo dituzte hauteskundeak. Hori dela eta, ohi baino motzagoa izan da kanpaina: joan den ostiralean hasi zen, eta gaur bukatuko da. Hausnarketa eguna izango da biharkoa. Koalizio abertzalearen herriko ordezkariek eman diete zer pentsatua lasarteoriatarrei. "Apirileko bozetan 408 botora geratu ginen Nafarroatik ordezkari bat bidaltzeko Diputatuen Kongresura; bozka paper bakar batek ere ezin du etxean geratu igande honetan".

Lasarte-Oriako zinegotzien hitzartzearen aurretik, gogotik egin zuten barre Okendon elkartu ziren herritarrek, Bea Egizabalen ateraldiekin. Bakarrizketa umoretsua eskaini zuen herritarrak. Hitz-joko ugari egin eta lelo dezente asmatu zituen EH Bilduk kanpaina honetarako erabili duen Baietz! leloarekin. 

Uxue Loinazek eta Estitxu Garmendiak hitz egin zuten herriko EH Bilduko kideen izenean. "Aurrean izango gaituzte estaturik gabeko indar subiranisten aliantza sortu eta gure eskubide nazional eta sozialak betetzen direla bermatzeko", nabarmendu zuen Loinazek, besteak beste. Euskal presoak eta iheslariak izan zituen gogoan Garmendiak: "Aurrean izango gaituzte, presoak eta iheslariak aske gera daitezen; etxean nahi ditugu". Igandean koalizio abertzalearen aldeko bozka ematearen garrantzia ere azpimarratu zuten.

Amaitu aurretik, ostegun arratsaldea izanik, pintxopote musikatua egin zuten ekitaldira joan zirenek.