Neguko denboraldiko lehen jardunaldietan, emaitza onak

Txintxarri Aldizkaria 2019ko aza. 8a, 15:00

Buruntzaldea IKTko infantilak, juniorrak eta absolutuak Maialen Chourraut kiroldegian lehiatu ziren iragan larunbatean. Alebinak, aldiz, Hernaniko kiroldegian aritu ziren. Hasiera ona eman diote denek 2019-2020 sasoiari, eta asteburu honetan jarraituko dute norgehiagokek.

Denboraldiko lehen jardunaldia izateko, emaitza txukunak lortu dituzte infantil mailako igerilari gazteek. Buruntzaldea IKTko hemeretzi igerilarik parte hartu zuten, urriaren 26an,  Maialen Chourraut kiroldegiko igerilekuan. 

Entrenamendua izaten da ikasturte eta denboraldi hasierako jardueraren funtsa, baina igerilari parte hartzaileek jarritako gogoek emaitza ezin hobeak ekarri zituen. Borja Apeztegia entrenatzaileak jakinarazi du, guztira, 24 marka pertsonal hobetu dituztela larunbateko jardunean. Baina ez hori bakarrik; Gipuzkoako eta Euskal Herriko Txapelketetarako txartelak ere lortu dituzte. Infantilen denboraldi hasierako helburua hori izaten da; bi txapelketa nagusi horietarako gutxieneko denborak lortzen joatea. 

Udako txapelketarako gutxiengo denborak ere lortu dituzte. Nerea Irazuk eta June Lopezek, Gipuzkoako eta Euskal Herriko udarako gutxienekoak 200 bizkar proban. Horiekin batera, Saioa Elolak, proba berean, Gipuzkoako udako gutxiengoa lortu du. 

Nora Imazek, berriz, 200 lau estilotan ere Gipuzkoako zein Euskal Herriko udakorako puntuak gehitu ditu. Garazi Etxeberriak eta Izaro Audikanak, estilo berean, Gipuzkoako udarakorako batu pilatu dituzte. 

Azkenik, Nerea Irazuk, June  Lopezek eta Saioa Elolak, 100  metro libre modalitatean, Gipuzkoako udarako gutxiengoak lortu dituzte, eta Juel Lopezek ere froga bererako batu ditu denborak, 200 metro librean.

Asteburu honetan Neguko jardunaldiko bigarren jardunaldia jokatuko dute, eta 400 lau estilo modalitatearen bidez, Neguko Txapelketarako gutxiengoak lortzeko aukera izango dute.

Junior eta absolutuak
Denboraldiko lehen saioa izanik, "erritmo falta" nabaritu zela aitortu du Borja Apeztegia entrenatzaileak, baina, hala eta guztiz ere, probetan "oso txukun" aritu zirela parte hartu zuten igerilariak. 

Parte hartzaileen artean, izan da marka pertsonala hobetzea lortu duenik; Yaiza Martinezek 100 metro librean, Aimar Sukunzak 100 metro tximeletan, Nerea Santosek 200 metro bizkar frogan eta Jon del Riok 100 metro librekoan eta 100 eta 200 metro bizkarrekoetan.

Alebinak ere "txukun" aritu ziren Hernanin, larunbatean. Buruntzaldea IKT klubeko hamalau igerilarik parte hartu zuten, eta 400 metro librean eta 100 metro bizkar frogetan neurtu behar izan zituzten indarrak. "Gazteak fisikoki nola dauden jakiteko balio izan du lehen jardunaldiak, baita bular estiloko ikaskuntza nola daramaten aztertzeko ere". 

Gizonezkoen artean, Jon Pelayo izan zen azkarrena 400 metro librean, baita 100 metro bularrean ere.