Intzako 1. mailako bikoteak promozioa jokatuko du bihar

Txintxarri Aldizkaria 2019ko aza. 8a, 10:45
Artetxe-Elola bikotea, artxiboko irudian.

Behar Zanako Lizaso eta Urbieta bikotea bikotea izango du aurrez aurre, Villabonan. Partida bakarrean erabakiko da nork mantentzen duen maila

Jon Pello Artetxe eta Mikel Elola bikoteak larunbat goizean partida erabakiorra dute Behar Zanaren bikotearen aurka. Jokoan, Gipuzkoako txapelketako 1. mailari eustea.

Intzako bikoteak Gipuzkoako txapelketako lehen fasea zazpigarren postuan amaitu du eta promozioa jokatu beharko du. A multzoko seigarren sailkatua, Villabonako Behar Zana izango du aurrez aurre.

Azken partidetako bolada txarra alde batera utzi nahi du Lasarte-Oriako bikoteak. Sei partida galdu ditu jarraian. Eta urteko helburuari eutsi nahi dio, 1. mailan mantentzeari. 

Ez da hain erraza izango, ordea. Lasarteoriatarrek ezaguna dute Behar Zanako Lizaso eta Urbieta bikotea. Larunbateko partidan nor baino nor egongo dira bigarrenez. Lehenengoan Artetxe eta Elolak 22-21 irabazi zuten. Larunbatean, gogoz jokatuko dute, baina partida borrokatua espero dute arerioaren etxean. 

Bigarren mailan mantendu

Bigarren mailako bikoteak, aldiz, ez du horrelako estuasunik biziko. Bere multzoko bosgarren sailkatu da eta urteko helburuari eutsi dio Haritz Urkia eta Gaizka Iruretagoienak osatutako bikoteak.

Txapelketa hasieran igoera posible ikusten zuten arren, azken lau partidak galdu eta promozioko postuetatik gertu amaitu du lehiaketa.

Bestalde, Intzako bigarren mailako kadetea ere lehian ari da buru-belarri. Ez dute partidarik irabazi, baina lehen urtea dute kadete mailan. Eskuko arazoak tarteko, maila berrira moldatzen ari dira.