Emaitza onak lortuta amaitu du Aitor Mansok karting denboraldia

Maddi Zaldua 2019ko aza. 8a, 13:00

Uste baino denboraldi hobea egin du Lasarte-Oriako gazteak;  Gaztela eta Leongo Txapelketan lehiatu da, eta hirugarren postuan amaitu du

Pasa den denboraldian Gaztela eta Leongo Txapelketa jokatzea zen Aitor Manso (Lasarte-Oria, 2000) lasarteoriatarraren helburua. Eta bertan lehiatzea bakarrik ez du lortu; sailkapenean hirugarren postuan amaitu du. Baditu pozik egoteko arrazoiak. Txapelketa horretan jokatutako lasterketek osatu dute gaztearen denboraldia, eta aitortu du, "uste baino hobeto" joan dela.  

Abuztu aldean ekin zioten Gaztela eta Leongo Txapelketari, eta orain gutxi amaitu dute. Lau lasterketa izan dira guztira, eta horietatik hirutan lehenengo hiru postutan sailkatzea lortu du; batean bigarren postuan amaitu zuen, eta beste bietan, berriz, hirugarren. Guztira, hamabost pilotu lehiatu dira. 

Ez zuen, ordea, nahi bezala hasi denboraldia Lasarte-Oriako gazteak. Gutxi entrenatuta ekin zion sasoiari, eta horrek eragina izan zuela aitortu dio Txintxarriri. Baina jakin izan du irtenbide egokia bilatzen; entrenamendu saioetan gogoz aritu eta berehala hasi zen emaitza hobeak pilatzen. 

Hori izan da denboraldiko ardatz nagusia: gogor entrenatzea. Baina ez hori bakarrik. Kartingean, berebiziko garrantzia du pilotuaren prestakuntzak, baina autoak ere ezin du hutsik egin. "Pilotuaren eta autoaren artean gehienezko pisu bat eman behar da, bestela, ondorio kaltegarriak izan daitezke; nik guztira, 175kg pisua batzen dut".  

Ezin babeslerik lortu
Saiatu den arren, ezinezkoa izan zaio Mansori denboraldi honetarako babesleak lortzea. Arrazoiengatik galdetuta, erraz  erantzun du pilotuak: "Kartinga baino lehen, beste kirol batzuk babesten dira". Baina ez hori bakarrik. Euskal Herrian ezinezkoa da kartingean lehiatzea. Entrenatzera ere Burgosera joan behar du lasarteoriatarrak, eta lehiaketak ere Espainian izaten dira. Hori dela-eta, babesle euskaldunek Euskal Herrian ikusiko diren kirolak babestea nahiago dute, eta horrek zaildu egin du bilaketa.

Burgosera joan behar du lehiaketetarako prestaketa saioak egitera: "Villarcayon aritzen naiz, eta, gutxienez,  hilabetean bi aldiz joaten naiz, bertara entrenamendu saioak egitera". Aukera hori, ordea, ezinbestean egin behar du kirolarekin jarraitu ahal izateko. Etxetik gertuago, Olabarrian, egon badago kartingerako zirkuitu bat, baina "oso egoera kaxkarrean" dagoenez, ezinezkoa da bertan aritzea. "Zirkuituko zorua zuloz beteta dago, ez dute asfaltatu nahi eta bertan alokatutako kartekin aritzeko agian balio du, baina ez lehiaketetan aritzeko".