180 lasarteoriatar izango dira Behobia-Donostian

Txintxarri Aldizkaria 2019ko aza. 8a, 10:35
Raul Gomez Margallo, Antxintxika lasaterketako helmugara iristen. Arg.: Goiena komunikazio taldea.

Behobia-Donostia lasterketak bere mendeurrena ospatuko du. 55. edizioan, 33.000 korrikalarien langa gainditu du

Azaroaren 10a, igandea, egun berezia izango da Behobia-Donostia lasterketarentzat. 100 urte beteko ditu hogei kilometroko lasterketak. Orduan ez zen ohikoa distantzia horretako lasterketarik lehiatzea eta parte hartzaile taldea urria zen, 22. Lasterketa herrikoia handitzen joan da eta Gipuzkoako mugaz kanpotik ezaguna egin da. Hori dela eta, aurten, 33.000 korrikalari baino gehiago izango dira Behobiako irteeran; horietako 180 Lasarte-Oriakoak izango dira.

Lasterketa nagusia 10:15ean hasiko da eta eliteko emakumeek bereizitako irteera izango dute. Bertan izango da azken hiru urteetan garaile eta lasterketako errekorra duen Aroa Merino. Harekin batera, 8.000 emakume  baino gehiago izango dira parte hartzen. Lasterketak 50/50/25 egitasmoa du martxan eta 2025ean korrikalarien erdia emakumeak izatea du helburu. Aurten korrikalarien %25,7a da.

Gizonezkoen mailan, iazko podiumean izan ziren Iraitz Arrospide eta Ivan Fernandez egongo dira nor baino nor lehen postua eskuratzeko.

Baina ez dira lehenak izango irteera puntuan. Gurpildun aulkiko lasterkariak 09:45ean aterako dira eta patinatzaileak, 09:40ean.

Etxeko txikiek ere, larunbatean, izango dute korrika egiteko aukera. Behobia Txikia arratsaldeko 15:00etatik aurrera izango da, Donostiako Anoeta kirol gunean. Hauteskundeak direla eta, Behobia Gaztea ezingo da jokatu.

Azken prestaketak

Oraindik orduak geratzen dira Behobia-Donostiaz gozatzeko, baina Lasarte-Oriako korrikalariak azken prestaketak egiten daude. Batzuk azken lasterketetaz baliatu dira Behobiarako fin iristeko. 

Raul Gomez Margallok eta Gorka Gilek, esate baterako, Antxintxika proba lehiatu zuten. Gomez Margallo laugarren izan zen sailkapen orokorrean, baina beterano mailako irabazle izan zen. Gilek berriz, beterano mailako bigarren postua eskuratu zuen.

Bestalde, Lokiz mendilerroan Basajaun Trail Race probako 23 km lasterketan parte hartu zuten Iker Ortegak (2:57:54) eta Xabier Otxoa de Aldak (03:01:35).