Gipuzkoako selekzioak ezin izan zuen Bizkaia garaitu

Nerea Eizagirre 2019ko aza. 8a, 10:15
Izar Beldarrain infantil mailako finalean egon zen lehian. Argazkiak: Euskadiko Saskibaloia Federazioa

Infantil, zein kadete mailako Euskadi eta Nafarroako lurraldeen selekzioen arteko txapelketetan gipuzkoarrak eta bizkaitarrak iritsi ziren lau finaletara, baina infantil mutilek bakarrik lortu zuten sari nagusia. Gipuzkoako selekzioaren izenean lau herritar lehiatu ziren. Kadete mailan, Eñaut Buiza jokalaria, Xabi Altuna entrenatzailea eta Endika Marrahi bigarren entrenatzailea izan ziren; Izar Beldarrain, berriz, infantil mailan aritu zen

Lehen esperientzia izan da Gipuzkoako selekzioko lehen entrenatzaile modura Xabi Altunarentzat. "Iaz bigarren entrenatzaile egon nintzen: Ander Otaegi herritarra zen buru eta Endika eta biok laguntzaile lanak egin genituen".

Edozein entrenatzailerentzat hautatzaile izatea aukera polita dela aitortu du. "Zure taldeko jokalariekin entrenatu ohi zara eta bi hilabetez beste taldeetako gazteak ere zure eskura jartzea aukera ona da. Gainera, oso erraza izan da haiekin lan egitea".
Pena bakarra du Altunak, ordea. "Lastima da finala ez irabazi izana. Finkatutako helburuak bete genituen. Ahal genuen onena eman genuen partida bakoitzean". 

Balmasedan jokatu zen kadete mailako txapelketa eta Gipuzkoako Selekzioak Nafarroa izan zuen aurrez aurre finalerdian. Erraz nagusitu zen Altunaren taldea, 111-43. "Espainiako txapelketa prestatzen ari dira. Bi hilabete dituzte aurretik eta hori nabari da", jakitera mean du Altunak.
Gipuzkoako jokalariek ez zioten aukerarik eman Nafarroako taldeari. "Tentsioa eta intentsitatea eman genion jokoari. Defentsan lan ona egin genuen. Hasieratik ongi bideratu genuen partida."

Bizkaiaren aurkako finala ordea, borrokatuagoa izan zen, 74-65. "Bizkaia talde indartsua da. Partida polita egin genuen. Oso lehiatua izan zen eta azken minutuetan erabaki zen", adierazi du Altunak. 

Xabier Altuna, jokoari begira.

Aukerarik ez

Nahiz eta infantilak Laudion lehiatu, antzerako egoera bizi izan zuen Izar Beldarrainen. Nafarroa garaitu zuten finalerdian, 62-47. Bestelakoa izan zen finala, Bizkaia 93-54 gailendu baitzen.

Partidako lehen bi minutuetan bi taldeek baloia mugitu zuten kantxako alde batetik bestera. Gipuzkoarrek zorte gehiago izan zuten saski azpian eta 2-7 aurreratu ziren. 

Baina hori izan zen aurretik egon ziren momentu bakarra. Bizkaitarrek eskumuturra askatu eta 11-3ko partziala egin zuten. Hiruko jaurtiketek min handia egin zioten Gipuzkoari eta 27-15 amaitu zuten lehen laurdena.

Gipuzkoak defentsa lana hobetu zuen eta baloi gutxiago galtzen saiatu zen bigarren laurdenean. Horrela, atsedenaren ostean, hamar puntuko tartearekin (33-23) hasi zen lehia. Joko dinamikoa erakutsi zuten bi taldeek, baina ez zuten saririk lortzen. Bizkaiak apurtu zuen dinamika hiruko  bi saskiratze eginda eta hortik aurrera Gipuzkoarrek ezin izan zituzten geratu.

Euskadiko selekzioa

Euskadiko federazioari maila horietan 2020ko Espainiako Txapelketan parte hartuko duten jokalariak ikuskatu eta aukeratzeko balio izan dio txapelketak. Kirolarientzat saria izaten da horrelako izendapena eta oraingoan, Eñaut Buiza herritarrak izango du ohorea.

Xabier Altuna bere entrenatzailea izan da Gipuzkoako selekzioan eta hitz onak besterik ez ditu herriko jokalariarentzat. "Buiza oso garrantzitsua da bere taldean, Eason. Fisikoki errespetua jartzen du, defentsan ongi dabil eta saki azpian ere. Asko gustatu zitzaigun eta horregatik deitu genuen".

Eñaut Buiza, baloi bat borrokatzen.

Txapelketan egindako lana ere azpimarratu du: "Nafarroaren aurka defentsan paper garrantzitsua egin zuen. Finalean zailtasunak izan zituen eta falta dezente egin zituen. Baina ongi ibili zen ere". 

Buizak ez du atsedenik izango asteburu honetan. Easo taldean izan dezakeen partidaz gain, igandean, Espainiako txapelketa prestatzeko lehen saioa izango baitu Eibarreko Lan Unibertsitatean.