Musika eskolako gorabeherak salatu dituzte ikasturte berrian ere

Txintxarri Aldizkaria 2019ko aza. 8a, 09:34

Pasa den ikasturtearen antzera hasi dute Udal Musika Eskolako ikasleek kurtso berria: irakaslerik gabe. Irailetik hona osatu dira zenbait hutsune, baina tronpetako ikasleek, eskolarik gabe jarraitzen dute oraindik. Zoritxarrez, ordea, egoera ez da berria, eta ikasleen gurasoek egoera, berriro ere publiko egitea erabaki dute.

Lasarte-Oriako Udal Musika Eskolako ikasleen gurasoei agortu zaie pazientzia. "Nazkatuta" daude pasa den ikasturtetik jasaten ari diren arazoarekin, eta behin betiko irtenbide bat eskatu diete ordezkari politikoei. 

2018-2019 ikasturtean Manuel Lekuona kultur etxe aurrean salaketa agerraldi bat egin zuten musika eskolako ikasleen gurasoak. Astearte honetan, zoritxarrez, irudi berbera errepikatu da berriro ere. Ikastetxeetako ikasturtearekin batera, irailean hasi zen udal musika eskolako kurtsoa ere, baina bertako ikasle batzuek urrira arte irakaslerik gabe egon dira, eta beste zenbaitek,  oraindik, eskolak jaso ezinik jarraitzen dute. 

Pianoko, hizkuntza musikaleko eta koruko irakaslerik ez zeukan musika eskolak irailean. Horrela, modalitate horietako ikasleek urrira arte itxaron behar izan dute musika eskolekin hasteko. Bost asteko atzerapenarekin hasi dute beraz, ikasturtea, baina martxan dira dagoeneko. 
Oso ezberdina da, ordea, tronpetako ikasleen egoera. Irailaren 20tik irakaslerik gabe daude, eta eskolak jaso ezinik jarraitzen dute, eta ez dirudi berehalako irtenbiderik emango zaionik.

Salaketa eta irtenbidea
Egoerak "amorrua, motibazio falta eta ezinegona" sortu du musika eskolako ikasle eta horien senitartekoen artean, eta egoeraren jakitun egin nahi dituzte gainerako lasarteoriatarrak ere: "Egoera hau publiko egin nahi dugu, musika eskolak eskaintzen duen zerbitzuaren kalitateaz jabetu daitezen. Herritar guztioi eragiten digu arazo honek, ezin dugu musikarik gabeko herri bat irudikatu".

Horrela, behin betiko irtenbide bat "exijitu" diote udalari, eta udal ordezkariak gaia kudeatzen ari diren moduarekin ere kritiko agertu dira: "Baliabiderik gabe, irudimenik gabe, ausardiarik gabe eta ardurarik gabe ari dira". Oposizioko alderdiei ere deia luzatu diete: "Kulturako batzordeetan gaia lantzen den heinean, egoeraren berri badute eta ez dugu inolako interesik ezta parte hartzerik ikusi. Jarrera horrek, ordea, ez die gaiarekiko duten ardurarik kentzen".

Babes falta ere sumatu da astearte arratsaldean musika eskola aurrean bildu direnen artean: "Musika eskolako ikasleen guraso gehiago espero genituen gurekin, arazoa ez da tronpeta ikasleena soilik, denok aurkitu gaitezke egoera berean, eta elkarrekin erantzun behar diogu arazo honi".