Mendeak daramatza gizakiak eboluzionatzen. Errota geldiezin batean murgildurik, etengabeko ikerketa eta aurrerakuntzak egiten dihardu; nahiz eta badagoen nor helburu zehatz eta norabide finkorik gabeko gurpil ero batean sartuta gaudena dionik ere 

Eboluzio honen arloetako bat, askoren artean, zientzia da. Bistan da zenbat aurreratu den arlo honetan: garai batean sendaezinak ziren gaitzak gaur egun ia ez dira existitzen; gorputzeko zenbat organo eta atal transplantatzen diren; odol transfusioak, klonazioak, aldaketa genetikoak, eta abar luze bat.

Gizakiak, bere gurpil ero honetan, badu aztoratzen duen gai bat: hilezkortasuna, alegia. Oraindik bete ez duen ametsa; ilargira heltzearena baino desiragarriagoa, baina oraingoz betetzen ez dena. Badira hainbat pertsonaia ezagun, boteretsu eta dirudunak, hil eta gero beren gorputza izotzarazi zutenak noizbait berpiztuko ote dituzten itxaropenarekin! Argi dago orain dela ehun urte baino gehiago bizi garela, bizi kalitatea hobetzearekin batera bizi iraupena ere luzatu egin dela, nahiz eta askotan pentsatu bizirik irautea bizitzea ote den. 

Bizitzaren luzatze honek eragin zuzena izan du gutako askorengan,  eta horretarako bi pertsona helduren elkarrizketa entzun  besterik ez dago: adineko askoren  hitzetan, norbait gazte hil dela diote 70 edo 80 urte izan arren, hilezkor bailiran. Egia da gaztetasuna norberaren baitan dagoela, norberaren izaeran, pentsaeran eta jarreran; baina urteak ez dira alferrik pasatzen eta ez dute barkatzen. 

Ni, hil artean, beti izango naiz etxeko txikia, umea, mutikoa.