Oiartzunen jokatuko dute finalerako txartela Ane Labakak eta Asier Azpirozek

Txintxarri Aldizkaria 2019ko aza. 7a, 12:28
Ane Labaka (ezkerrean, kantatzen), pasa den larunbatean, Azkoitian. Argazkia: Gipuzkoako Bertsozale Elkartea.

Earra bertso eskolako bi kide sailkatu dira Gipuzkoako Bertso Txapelketako finalerdietara: Ane Labaka eta Asier Azpiroz. Labakak asteburuan poltsikoratu du txartela, Azkoitian egindako bertso saioan; 455 puntu bildu ditu. Final-laurdenetako azken saio horretan lortutakoa eta orain arte pilatutakoa batuta, hurrengo fasera sailkatu da lasarteoriatarra.

Gipuzkoako Bertso Txapelketak aurrera jarraitzen du, eta azken txanpa besterik ez da geratzen probintziako garailea deliberatzeko. Final laurdenak pasa den larunbateko saioarekin amaitu ziren. Azkoitian aritu ziren sei bertsolari, eta bertako sailkapenaren ostean, zehaztu da finalaurrekoan arituko diren bertsolarien zerrenda.

Beñat Gaztelumendi Añorgako bertsolaria izan da Azkoitian garaile, baina oso gertu izan da Ane Labaka Lasarte-Oriako bertsolaria. 475 puntu pilatu ditu Gaztelumendik eta 455, berriz, Ane Labakak. Larunbateko saioan bigarren amaituta eta aurreko saioetako puntuekin batera, finalaurreko saiorako sailkatzea lortu du. 

Ez da ordea, Lasarte-Oriako Earra bertso eskolako bertsolari bakarra izango finalaurrekoan. Asier Azpirozek ere saio onak egin, eta lortu du hurrengo fasera igarotzea. Eta ez hori bakarrik, zuzeneko lehiakide izango dira bi bertsolariak finalaurrekoan. Oiartzungo Elorsoro kiroldegian izango dute lehiaketa, hilaren 24an, igandea. Bertan neurtuko dituzte indarrak Earra bertso eskolako bi bertsolariek. 

Beraiekin batera ariko dira koplaka, Oiartzunen, Beñat Gaztelumendi, Iñigo Mantzisidor, Alaia Martin eta Amaia Iturriotz. Arratsaldeko 17:00etan izango da saioa.

Finalaurreko hiru saio

Oiartzungo saioarekin batera, beste bi finalaurreko ere izango dira. Azaroaren 17an, Arrasateko   Uarkape pilotalekuan 17:00etan bat, eta, bestea, abenduaren lehen egunean Tolosako Usabal kiroldegian. Hori ere arratsaldeko 17:00etan izango da. 

Honakoak izango dira bertsolariek egin beharreko lanak. Binaka, gaia emanda, hamarreko handian hiruna bertso; binaka, gaia emanda zortziko txikian hiruna bertso; binaka, gaia emanda 6 puntuko motzean hiruna bertso; binaka, gaia emanda, zortziko txikiak zortzi bertso osatu arte, eta azkenik, Kartzelakoan, bakarka gaia emanda, doinu eta neurri librean, hiruna bertso.