'Sagarberritu', berrerabilpena sustatzeko proiektua

Txintxarri Aldizkaria 2019ko aza. 6a, 09:00

Proiektu-pilotua martxan da eta sagardogintzako ekomonia zirkularra aktibatu nahi du Beterri-Buruntza eskualdean

Beterri-Buruntza eskualdean, Sagarberritu proiektu-pilotua sustatu dute Gipuzkoako Sagardo Elkarteak eta Euskal Sagardoaren baitako entitateek. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen sailak diruz lagundu du.

Honen bitartez, sagardo-sektoreko botilak sagardotegietatik jaso, garbitu eta berrerabiltzeko sistema jasangarri bat bideragarri dela erakutsi nahi dute.

Ekonomia zirkularrean oinarrituko dira horretarako. Izan ere, botilen berrerabilpenarekin bakoitzaren iraupena luzatu eta erabilitako produktua berriz lehengaia bilakatzea lortu nahi baita.

Bestalde, ingurumena zaintzeaz gain, proiektuak helburu sozial nabarmena du. Guztia kudeatzeko Beterri-Errotuz laneratze enpresa sortu eta honen bitartez botilak jasotzeko pertsonak kontratatu dira.

Nagusiki sagardotegiak parte hartzen dute proiektuan, baina norbanakoek ere aukera dute euren harritxoa jartzeko. Sagardo botilak Garbiguneetara eramatea nahiko da.