Hogei herritarrek jaso zuten Odol emaileen elkartearen eskertza

Txintxarri Aldizkaria 2019ko aza. 5a, 10:00

Lasarte-Oriako ordezkaritzako kideetako batzuk jasotako domina eta ikurrekin. Arg.: Aiurri

Oria Beheko Odol emaileen ordezkaritzak urriaren 27an egin zuen urteroko bilkura, Urnietako Oianume jatetxean

Aia, Andoain, Anoeta, Asteasu, Berastegi, Billabona, Ereñozu, Hernani, Ibarra, Irura, Orio, Tolosa, Urnieta, Usurbil eta Lasarte-Oriako odol emaile elkarteko kideak bildu ziren bertan 25, 50, 75, 80 eta 100 emari egin dituzten pertsonei dominak eta ikurrak banatzeko.

Jaiari hasiera emateko odol emaile guztiek Orbeldi dantza taldeko kideen ongi etorria jaso zuten. Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkateak hartu zuen hitza jarraian eta emaileek egindako lana aitortu zuen.

Bilkurako une gorena iritsi zen ostean, oroigarrien banaketa. Lasarte-Oriako kasuan, 20 bat pertsonek jaso zuten elkartearen esker ona: 25 emari egin dituzten  zortzi, 50 emari egin dituzten sei, 75 emari egin dituzten lau gizon, 80 aldiz eman duten bi emakume eta 100 emari egin dituen pertsona bat.

Talde argazkia atera eta banaketa amaitu ostean, jatetxean bazkariaz gozatu zuten guztiek.