Azaroaren lehena, ez daudenak gogoratzeko eguna

Txintxarri Aldizkaria 2019ko aza. 1a, 14:48

Azaroaren lehena hildakoak gogoratzeko eguna da. Urtero bezala, Illarraltzueta hilerrira lagun ugari joan dira, askok lore sortak eskuak.

Hutsune batzuk beti presente badira ere, Domu Santu eguna ezinbestean falta direnak gogoratzeko eguna izaten da. Hilerrietako lasaitasun eta bakardadea apur bat aztoratzen du azaroaren lehenak, falta direnei dauden tokian bisita egiteko ohiturari eusten baitiote askok. Hala izan da, Illarraltzuetan ere. Dozenaka  lasarteoriatar zebilen eguerdi partean hilobien inguruan. Ordurako, ordea, beste asko pasata zirela agerikoa zen, hilarrien gainazala apaintzen zuten lore koloretsuak ikusita. 

Iturritik ura hartu, erratzarekin hosto lehorrak eta lurra kendu, zapia pasa... Garbitzea eta apaintzea izan da zeregin eguneko nagusia. Oroitza eta aitortza keinua. Loreak ekarri dituzte gehienek, baina bertan erosteko aukera izan dute, Ormazabal loredendako kideei esker.

Giro hunkigarrian, gaurko egunez leku berean elkar ikusten dutenen agurrak, oroitzapenak partekatzen dituzten ahaideak, edota urteak igarota ere eusten zailak diren malkoak. Halakoez bete da hilerria, ohiko isiltasuna hautsita.

Goizean Illarraltzuetara joateko Manttangorri autobus zerbitzua izan bada ere, gehienek kotxean egin dute bidea, aparkalekuaren eta inguruko errepide ertzak beteta. Oinez ere joan dira batzuk, euriaren atsedena baliatuta. Batera edo bestera, ez daudenak gogoratzera joan dira denak hildakoen atsedenlekura.