Urriaren 31. Argazkiak ateratzerako orduan pultsua behar baino dardartiago edukitzeko eguna: Gau Beltza edo Arimen Gaua. Ttakun KEren eta Zabaleta Auzolanen ekimenez, Euskal Herri osoan zehar ospatu izan den ─eta orain berreskuratzen ari diren─ errituala bueltatu da Lasarte-Oriara. Euskaltzaleen Topagunea ere ari da usadio zahar hori herriz herri zabaltzen. Gero eta hedatuago dago.
Antonio Blas plazak auzoko jaiak hartu izan ditu hainbat urtez. Irribarreak, dantza, koloreak, herri kirolak, goizaldera arteko parrandak...eta ekaina. Udaren etorrera. Gau Beltzak ez dauka zerikusirik horrekin. Maskaren eta mozorren pean ezkutatzen dira irribarreak; dantzaldiak dardaraldi bilakatu; koloreak, bi: gauaren beltza, eta kandelen laranja; ekaina ere ez da, urri bukaera baizik; eta aspaldi joan da uda: badator negua. Baina ospakizuna da hori ere; jaia. Herritar ugari bildu dituena, lehenengo edizioa izateko.
Mozorrotu eta aurpegiak margotu eta gero, Gau Beltzari buruzko azalpen bideoa ikusi zuten herritarrek, jakiteko zeri buruzkoa den ospakizun hori. Beldurraren ibilbidea egin zuten gero auzoan zehar. Bukatutakoan, gaztaina erreak jan zituzten, Antonio Blas plazan bertan.