Domu Santu eguna, loreak eta oroitzapenak

Txintxarri Aldizkaria 2019ko urr. 31a, 11:15

Bihar Domu Santu eguna da. Zendu diren senitartekoak gogoan izateko eguna. Herritar ugari joango da Illarraltzueta hilerrira senitartekoei loreak eramatera

Illarraltzueta hilerria herritarrez beteko da gaur eta bihar. Ohitura legez, Domu Santu egunean gure artean ez dauden senitartekoak gogora ekarri eta haien hilobietara loreak eramango dituzte herritarrek.

Larrosa, klabelina, lore-sorta edo zentroak... herritarrek haien senideei hoberena eskaintzen dizkiete gogoan dituztela adierazteko. Hori aurreikusiz, Okendo plaza gaur lorez bete da Ormazabal loradendako lagunen eskutik. Bihar hilerrian izango dira.

Horrez gain, kotxez joan ezin direnek Manttangorri hiribusa erabili ahalko dute. 

Gaur, urriaren 31 arratsaldean 16:00etatik 18:00etara orduro aterako da Antxisutik. Hilerrira ordu erdi geroago iritsiko litzateke eta gero Antxisura buelta egingo luke. Azken buelta 18:30ean izango litzateke.

Bihar, Domu Santu eguna, azaroaren 1a ostirala, berriz, 9:00etatik 13:00etara izango da zerbitzua. Zerbitzu hauek ere Antxisutik aterako dira eta hilerrira iritsi ostean, Antxisura bueltatuko dira. Azken buelta 13:30ean aterako litzateke hilerritik.