Azken hamarkadan aisialdiko zati garrantzitsu bat korrika egitera bideratu duenak erraz identifikatuko ditu bi lasterketa mota, gutxienez. Running deitu dioten moda horren abaroan sortutakoak dira asko. Zale ugariren lehiaketarako grina negozio aukera bilakatuta, erruz ugaritu dira han eta hemen mota horretakoak. Korrikalari hasiberria erakartzeko erabiltzen dituzte trikimailu asko; dortsal garesti baten trukean, marka ezaguneko elastikoa opari, eta ibilbidean zehar musika eta beste ikuskizunak. Badira, ordea, beste era bateko lasterketak ere: betikoak. Alegia, ingeleseko maileguak kirolarien hiztegian sartu aurrekoak.
Herri lasterketa da Lasarte-Oria Bai! krosa, hitzaren zentzu zabalean. Arnastu egiten da hori urriko azken igandeak argitu bezain pronto. Antolakuntzak sofistikazio handirik ez du beharbada, baina lasterkariei eta herriari begira egiten dute lan. Egun osoan sortzen den giroa da horren seinale.
Korrika egiteko zirkuitu erakargarria da; herriari itzuli osoa egiten dio, eta gune askotan eskertzen ditu korrikalariak ikusleen animoak. Tranpati samarra ere bada; aldapa txiki batzuk desoreka dezakete erritmoa, eta luzeak egin daitezke azken kilometroak.
Horregatik, eta batez ere entrenamendu faltagatik, hasieran lasai joatea komeni. Aitatasun berrituaren ajeak ezabatu ditu korrika saioak, baina baita otordu batzuk ere, eta zangoetan iaz baino kilometro gutxiago izanagatik, sei bat kiloko motxila kentzeak dezente arindu du trosta.
Eta beti helburu lehiakor bat buruan. Bada beste modu batera korri egiten ez dakienik. Zertarako jarri dortsala, bestela? Zifra borobilak gustuko, 40 minututik jaistea posible ikusten da, kilometroa lau minututik behera, alegia.
Norberaren maila jakitea, gakoa
Irteeran, hobe aurreko aldean, jakitun erritmo motelagoa daramaten askok lehen lerroetan jartzea dutela gustuko; hobe kolpeak saihestu eta txorkatilak arriskutik kentzea. Halere, lehen lerrotik aparte; aurreskua entzun, baina dantzariak ikusi gabe.
Hasi da lasterketa. Une batez, estrategia hankaz gora jartzeko senak kolpatu du buruan, behin Raul Gomez Margallok esandako hitzak gogoratuta: "Baina zer estrategia eta zer demontre. Hamar kilometroko lasterketan ez dago horrelakorik. Egurrean hasi eta bukatu behar da". Halere, erraz uxatu da burutazioa; zango oso luzeak eta hauspo benetan sakona behar dira hark bezala korri egiteko. Norberaren maila zein den jakitea da lehiatzeko lehen urratsa.
Lehen zuzengunean talde egokian topatzeak lasaitasuna ematen du. Trinkoko kamiseta berdea ondoan, eta Lasarte-Oria Traileko urdinak metro batzuk aurrerago. Horiek udazkenean menditik jaitsi ohi dira; haize garbiak eta paisaia berdeak uzten dituzte behin-behinean, asfaltero zintzo eta azkarrak bihurtzeko.
Hasieran daude malda gogorrenak. Hobe da mantso igotzea, segundo batzuk galtzea; bihotz taupadek abiada biziegia hartzeko goizegi da. Konturatzerako, lehen bi kilometroak igarota Goiegiko zuzengunean. Erlojuari begiratu, eta ezustea: 20 segundoko atzerapena helburuarekiko. Motelegi aukeran.
"Hasieran daude malda gogorrenak. Hobe da mantso igotzea, segundo batzuk galtzea"
Nolanahi ere, une egokia da beste martxa bat jartzeko. Errepidea aproposa da: Sasoetan aldapa behera Kale Nagusira iritsi arte. Eta giroak ere laguntzen du: bide bazterrak jendez beteta, animoek aurrera bultzatzen dute. Gustuko terrenoa da, erabat laua Oriara iritsi arte, eta atzetik aurrera joateak indarra ematen du. "Ongi etorri zaizu aitatasuna". Beste mendi lasterkari batek, haren parera iristean.
Baina segituan etorri dira ordainak. Haize pittin bat kontran, eta arnasestuka, amaitzear da zuzengunea. Haize babesean jartzea onena; Kipchogeri balio izan badio marka ontzeko, zerbaitetan lagunduko du. Lasterketa erdira iritsita, 30 bat segundo helburuko markaren azpitik. Orain eustea da kontua.
Ibaiaren beste aldean gorabeheratsua da errepidea, batez ere Landaberri ikastetxeko sarreran. Hipodromoko gunean beste ikusle multzo handi baten animoak. Ahoa lehor, eta pultsoa bizkor. Gainera, beste kezka bat buruan: lokarria erdi askatuta. Halere, argazkirako irribarre egin behar, beti.
Nekatzen hasita egonagatik, helburua gero eta gertuago. Zubietako frontoian eskuinera, eta aldapa behera. Zubitxoko aldapa besterik ez da geratzen, eta zuzen helmugara arte. Momentu horietan eskertzen dira lasterketa hasierako hautuak; pultsometrorik gabe, datu objektiborik ez du korrikalariak, eta errazagoa da bihotzaren atseden eskeei iskin egitea.
"Azken metroetara arte hustu beharra dago; dortsala horretarako jartzen da"
Txikierdiko bira hartuta, urrutian ikusten da helmuga. Kilometro bat da: azken estualdia. Helburua zapuzteko arriskurik ez, nahiz eta lokarria guztiz askatu. Jakina da luze egingo dela zuzengunea, baina azken metroetara arte hustu beharra dago. Dortsala horretarako jartzen da. Hori bai, helmugan ere, argazkilariari irribarre.