Etxebizitzetan energia aurrezteko tailerrak, Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2019ko urr. 29a, 15:00
GIpuzkoako Foru Aldundiko eta Lasarte-Oriako Udaleko Ingurumen arduradunak tailerren aurkezpenean.

Lasarte-Oriako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoa argitu programaren baitan egingo diren tailerren berri eman dute. Lasarte-Oriako Ingurumen zinegotzi Agustin Valdiviak eta Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak eskaini dituzte tailerren eta programaren nondik norakoak. Lasarte-Orian egiten diren bigarren aldia da

2015. urtean jarri zen martxan Gipuzkoa Argitu programa. Helburua energiaren eta, batez ere, elektrizitatearen kontsumoa murriztea da. 400 familia izan ziren esperientzia pilotu horretan parte hartu zutenak eta bataz besteko %7an murriztu zuten haien argindar kontsumoa. Emaitzak ikusirik Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoa osora hedatu nahi izan zuen ideia. Formatu aldaketa bat egin zuen horretarako eta tailerren bidez, kontsumitzaileak hezteko hautua egin zuen. "Gure asmoa herritarrari tresnak ematea da eta berarekin batera lan egitea. Horregatik, tailerrak informatiboak eta hezitzaileak dira," azaldu du Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatuak agerraldian.

Aurten Gipuzkoa Argitu programak bi ardatz izango direla azpimarratu du,  "batetik komertzio txiki eta enpresei begira egingo dugu lan eta bestetik, energia berriztagarriak sustatuko ditugu".

Era berean, Gipuzkoa Argitu etorkizunerako programa dela ere azpimarratu du. Izan ere, Asensioren hitzetan, "gaur egun energiaren dependentzia %95a da eta neurriak hartuta kopuru hori murriztu daitekeela uste dugu".

Hiru tailer

2017tik 105 tailer egin dira Gipuzkoan, Lasarte-Orian ere izan ziren. "Oso eskertuak gaude Lasarte-Oriako herriari. Oso herri aktiboa da arlo honetan eta iaz oso harrera ona izan zuten tailerrek".

Aurten hiru tailer eskainiko dira. Bihar, urriaren 30a, Eskuratu zure argindar kontsumoaren datuak eta murriztu zure kontsumoa hitzaldia izango da; azaroaren 17an, Etxean energia aurrez dezakezu erasotasunik galdu gabe! tailerra eta abenduaren 4an, Energia berriztagarriak zure etxean... posible da! tailerra. Guztiak Mirentxun izango dira, 18:30etik aurrera.

Lehen tailerrean, etxeko kontsumoa aztertu ahalko dute herritarrek. Baina horretaz gain, energia sektorean egondako liberalizazioari eta kontratazioai buruz ere hitz egingo dutela jakitera eman du Ingurumen diputatuak.

"Tailerrek kontsumoa era erosoan nola murriztu ere erakusten dizute. Ematen dituzten aholkuei esker, ez duzu zertan argia itzali behar. Gainera, azkenekoan energia kontsumoan eraginkorragoa izateko bidean pauso bat haratago doaz eta energia berriztagarriak etxean nola ezarri edo erabili erakusten du", gehitu du Agustin Valdivia Lasarte-Oriako Ingurumen batzordeko buruak. 

Bi erakundeek herritarrak animatzen dituzte tailerretan partea hartzera. Horretarako beharrezkoa da argitu@gipuzkoa.eus helbidean izena ematea. 

Hori guztiaz gain, tailerretara hurbildu ezin diren herritarrek Gipuzkoako Foru  Aldundiko Ingurumen saileako webgunean programari buruzko informazio guztia eta energia murrizteko gida aurkitu dezaketela jakitera eman du Asensio diputatuak.